Omenaldi hunkigarria eskaini diote Josu Goiari Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 12:29

Berako Kultur Etxea bete egin zen Sortuk antolatutako omenaldian. Bere ibilbide politikoan izan zituen hainbat lagunek hartu zuten hitza, bai Euskal Herri Mailan eta bai herri mailan kide izan zituenak. Musika eta irudiak lagunduta omenaldi polita eskaini zioten.

 

Azaroaren 3an zendu zen Josu Goia, Berako alkate izana eta ezker abertzaleko buruzagi historikoa. Berak egindako bide politikoa nabarmendu eta eskertu nahi izan zuten Berako Kultur Etxean egindako omenaldian. Txalaparta doinuek eman zioten hasiera omenaldiari eta segidan, Goiak berak konposatutako Altzateko jaunari otoi kanta aditzeko aukera izan zen. Hainbat une hunkigarri sortu ziren, hala nola, Goia zenaren argazkiekin egindako bideoa eskaini zutenean. Bideoaren ondotik, lore-sorta eskaini zioten Goiaren senideei.

Ezker Abertzalean egin zuen ibilbide horretan kide izan zuen Tasio Erkiziak ere solas egin zuen, baita Haritz Romeo Nafarroako Sorturen ordezkariak ere. Berako Herriko Etxean aritu zenean, kide izan zituenak ere igo ziren oholtza gainera eta hitz politak eskaini zituzten Goia gogoan.

Lore eskaintza eta aurreskua dantzatu ondotik, beratarrak hain gogoko zituen bi kanta jo zituzten. Alde batetik, txistulariek Eusko Gurdariak jo zuten eta bertzetik, Musika Bandak, Internazionala. Eguna borobiltzeko, Zubiondo jatetxean egindako bazkarian ehun bat lagun bildu ziren eta Kuxkuxtu txarangak alaituta giro ederra sortu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun