IrriSarri Landeko txondorra Aizpea Goenagak piztuko du aurten

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 29a, 06:40
Joan den urtean Toti Martinez de Lezea idazleak piztu zuen Irrisarriko txondorra.

Txondorraren eguna abenduaren 1ean ospatuko dute Igantzin, eta ekitaldi ugari eginen dira

Aizpea Goenagak piztuko du aurten txondorra Igantziko IrriSarri Land abentura parkean. Izan ere, langileek txondorra egin dute bosgarren urtez segidan. Goenagak omenaldi hau jasoko du, euskarari eta euskal kulturari egin duen ekarpena eskertzeko. Egun horretan, gainera, kultur ekitaldiz beteriko astea hasiko da Parkean.   

 

Duela bortz urtetik hona, IrriSarri Landek euskara eta euskal kultura hainbat modutan zabaltzen laguntzen duen pertsona bat omentzen du. Aurten, Aizpea Goenaga zinema zuzendari eta aktoreak piztuko du txondorra, eta bere aztarna utziko du  Ikaztegia–Ikatz Museoko enbor batean, aitzineko urteetan  Iñaki Perurenak, Xabier Euzkitzek, Xabier Agotek eta Toti Martínez de Lezeak egin duten bezala.

Ekitaldia Estitxu Pinatxo Berako kantariak aurkeztu eta gidatuko du, eta hainbat emanaldi izanen dira; Aurtizko joaldunena, bertzeak bertze. Tabernan, gainera, ikazkintza-menuak izanen dira, bai bazkaritan bai afaritan, eta txistorraz eta sagardoz osaturiko pintxo-potea ere bai.

Egun horretatik urtarrilaren 1era bitarte, jendeak txondorra ikusteko aukera izanen du. Guztira, 15.000 kilo egur erabili dira, eta parkeko langileek bi aste behar izan dituzte txondorra egiteko. Zehazki, Ikaztegia–Ikatz Museoan dago; bertan, tamaina naturaleko erreprodukzioak erabiliz, txondorra egiteko moldea erakusten da, bai eta lehenagoko ikazkinen bizimodua ere. Parkea egunero egonen da zabalik zubien astean, azaroaren 30etik abenduaren 9ra, eta egunero, bisita gidatuak eginen dira ikazkina eta haren lana ikusi eta ikasteko. Era berean, tabernan, gaztain-jatea egiteko eta pintxo-potea dastatzeko aukera izanen da.

Olentzero abenduaren 22an eta 23an etorriko da, arratsaldez, haurren gutunak jasotzera.  

 

Aizpea Goenaga

Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) lan askotan aritu da interprete, hala nola “Arlequin Servidor de dos amos”, ‘Pekata Minuta’, ‘Dakota’ , “Hau Paraderua” eta “Nacidos Culpables” lanetan, besteak beste.

Filmetan ere ikusi dugu; ‘El polizón de Ulises’, ‘Santa Cruz, el cura guerrillero” (Paco Rabal saria jaso zuen), ‘Pecata Minuta’, “La Gente de la Universal” eta ‘Yoyes’, beste lan batzuen artean. Telebistan ere fikziozko hainbat programatan aritu da; adibidez, ‘Hau da A.U’, ’Bi eta bat’, “Beni eta Marini” eta ‘Goenkale’ sailean, bai aktore, bai gidoilari, bai zuzendari.

Horrez gain, antzezlanak argitaratu eta zuzendu ditu, hala nola ’Zu(t)gabe’, ’Santxa’ , “Ezker-Eskuma” eta ’La Pecera’, besteak beste. Haur eta gazteentzat antzezlanak ere kaleratu ditu:  “Antzezten… teke ten ten!”, “Ni ez naiz txotxolo”, edo “Kaia” (Haur Antzerkiko saria Nafarroako Antzerki Eskolan), …

Aipatu behar da bere antzerki-testuak sarituak izan direla; besteak beste, Serantes saria, Donostiako Hiria antzerki saria, eta Toribio Alzaga-Euskaltzandia saria.

2010eko ekainaz geroztik 2016ko abendura bitarte, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan da, hots, Eusko Jaurlaritzako erakundea da euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta zabaltzeko.

2017ko urtarrilean, berriz ere ekin zion antzezlaneko gidoiak eta testuak sortzeari, bai eta zuzendaritza lana egiteari ere.  

 

Txondorraren eguna eta jarduerak

Omenaldia eta txondorra piztea Txondorraren Eguneko ekitaldi nagusiak izanen dira. Eguna txondorrari eskainiko zaio bere osoan eta, bukatzeko, Kantu Zaharren afaria eginen da. Parte-hartzaile eta bertaratzen diren guztiek euskal kantu zaharrak abesteko parada izanen dute. 

Aurtengo txondorra egiteko, 15.000 kilo egur erabili dira, guztia ere Irisarriko oihanetatik ateratakoa; gaztainondoa eta haritza, gehienbat. Une honetatik aitzina, IrriSarri Landeko boluntarioek txondorra zainduko dute dena ongi joan dadin eta, dena ongi badago, urtarril hasieran egur-ikatza ateratzen hasiko dira.  

5.000 kilo ikatz inguru lortzea espero da; ziurrenera, Eguberri bukaerarako prest izanen dena. Ikatz gehiena parkeko jatetxeetako parrilletan erabiliko da.

Txondorra piztu ondoren, kultur eta aisia jarduera sorta ederra hasiko da. Ikusmin handienetakoa sortzen duena Olentzeroren bisita izaten da, zalantzarik gabe. Izan ere, abenduaren 22an eta 23an, arratsaldez, gure ikazkinik ospetsuena txondorrera etorriko da haurren gutunak jasotzera.

IrriSarri Landeko lurretan eta inguruetan aspaldi errotu zen ikaztegiak eraiki eta  nork bere kontsumorako zein irabaziak lortzeko egur-ikatza ekoizteko ohitura. 500 urte baino gehiago dituen usadioa berreskuratzeko asmoz, baina baita ohitura ezagutzera eman eta lursailak garbitzeko ere, urtero txondor bat eraikitzea eta pizte ekitaldiak antolatzea erabaki zuen duela lau urte IrriSarri Landek; hori guztia doan, egur-ikatza zehatz-mehatz nola egiten den jakin nahi duenarentzat. Gainera, inguruko euskal kultura tradizionalaren hedapenean lan egin duen pertsona bat omentzeko baliatu nahi dugu saioa.

IrriSarri Land Landa Resort eta Abentura Parkera joaten diren bisitariek txondor tradizional baten funtzionamendua eta mantentze-lana nolakoa den ikusiko dute abendu osoan. Horretarako, parkeak badu Ikaztegia-Ikatzaren Museoa zeharkatzen duen Interpretazio Ibilbidea, bertan txondorra egin baita. Era berean, tren txiki batek ikatz museora eramanen ditu bisitariak, haur eta helduen gozamenerako.

Aipatu behar da parkea zabalik egonen dela zubien aste osoan, azaroaren 30etik abenduaren 9ra, hain zuzen ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun