Usategietako denboraldia 818 usorekin bukatu dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko aza. 20a, 15:53
Pirinioetako sarezko usategietan laugarren postua lortu du Etxalarrek

Azaroaren 9an egindako zozketan lehenbiziko sariaren irabazlea ez da agertu. 3.013 zenbakia duenak 690 26 77 59 telefonora deitu beharko du

Azaroaren 20an bukatu da Etxalarko sarezko uso harrapaketa tradizionalaren aurtengo denboraldia. «Ez da sasoi ona» izan 68 dozena eta bi uso harrapatu dituzte. Horren arrazoitzat «behelaino eta hego-haize egun ugariak» direla adierazi dute, eta era berean, «kostaldetik Etxalartik baino aunitzez uso gehiago joan dela» nabarmendu dute. 

 

Bisita gidatuak

Harrapaketak harrapaketa, denboraldi honetan 300 lagun inguruk ezagutu dute ehunka urte dituen tradizioa eta horietako batzuek usoak eta haiekin egiten den lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bisitari gehienak EAEtik eta Nafarroatik izan dira. 

Zozketa

Hamabi uso bizien zozketa azaroaren 9an egin zen, gastronomia lehiaketa egunean eta irabazlea 3.013a izan zen. Bigarren saria –bi lagunentzat afaria Elutsan– 3.933ari egokitu zitzaion eta hirugarrena –usategietako produktu lotea– 3.901ari. Bigarren eta hirugarren sariek badute irabazkea, lehenengoak, berriz, ez. Zenbaki hori izanez gero, 690 26 77 56ra deitu behar da. Saridunak, saria jasotzeko, hiru hilabeteko epea izanen du. 

Pirinioetako sareetako usazaleen bazkaria abenduaren 1ean

Pirinioetako sarezko usategien harrapaketako bederatzietatik laugarren postua lortu du aurten Etxalarrek. Gehien harrapatu dituena eta txapela irabazi duena Naphal izan da, 1.374 uso harrapatuta; bigarrena, Lanne, 1.200 usorekin; eta hirugarrena Oskix, 1.015ekin. Etxalarren ondotik, Lantabat (582rekin), Lecunberry (207rekin), Behorlegi (104rekin), Aldude (93rekin) eta Sarako usategia (77rekin) izan dira. Abenduaren 1ean, larunbatean, Pirinioetako sareetako usazale guztien urteroko bazkaria eginen dute, Napaleko usategietan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun