Ortzeguna, feria eguna
Goizean artisau eta azienda azokak hartuko ditu plaza bazterrak. Eguerdira arte, Baztango Gaiteroak karrikaz karrika ibiliko dira. 11:00etan herri-kirol erakustaldia izanen dute, plazan. Ondotik, bertsoak izanen dira entzungai. Azienda lehiaketako sariak banatuta, mahai-inguruan bilduko dira herritarrak.
Sariak azken urteetako berdintsuak izanen dira. Behi aziendetan, holandesak, suizak eta haragitakoak banatuko dituzte eta kategoria bakoitzean 190, 160 eta 100 euroko sariak izanen dira hiru lehenbizikoentzat. Zaldi abereetan, 125, 95 eta 50 euroko sariak izanen dira, baita sari bereziak pottoka (100 euro), montura (80), eta ponny (70 euro) onenentzat. Ahari lehiaketan 5, 30 eta 20 euroko sariak izanen dira.
Arratsaldez, 17:00etan pilota partidak izanen dira pilotalekuan. Lau eta erdian, eskuz Urretabizkaia II.a eta Aranguren ariko dira nor baino nor gehiago; eta binaka, Laso eta Ibai Zabala, Arteaga II.a eta Eskirozen kontra. Berrikuntza gisa, aurten gurpildun aulkikoen arteko pala txapelketa jokatuko dute: Asier Nabaridas eta Joseba Lasa herritarra, Beñat Lizaso eta Jesus Matarranzen aurka ariko dira, Mikel Serrano entrenatzailea epaile dutela. Sarrera doan izanen da. Eguna borobiltzeko, dantzaldia izanen da Oharkabe taldearen eskutik.
Bezperan ajoarriero txapelketa
Hitzordu nagusia ortzegunean, azaroaren 22an, badute ere, bezperan ere, izanen dute mugimendurik. Urtero bezala, Beti Gazte elkartearen eskutik, ajoarriero lehiaketa eta dastaketa izanen dute Beheko Plazan (euria ari nadu Alondegiko arkupeetan), 18:00etan. Bikoteka prestatuko dute eta bai bakailaoa baita hori prestatzeko beharrezko tresneria ere, parte-hartzaileek eraman beharko dituzte. Dena dela, elkarteak 40na euro emanen dizkie parte hartzen duten bikoteei. Ordu berean herriko trikitilari taldeak girotuko ditu karrikak. Aitzinetik, 17:00etan, Lesakako Musika Eskolak antolatutako kontzertua izanen dute, Harriondoan.