«Gurpil-aulkiak nahi izanez gero gauzak egin daitezkeela erakutsi dit»

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 20a, 07:19
Asier Navaridas sunbildarra eta Joseba Lasa lesakarra, berdez.

Joseba LASA, aulki gurpildunean palan aritzen den Lesakako gaztea

2014ko urtarrilaren 20an «lanetik bueltan» zetorrela Beran istripua izan zuen Joseba Lasak: «euria ari zuen, egun iluna zen eta errepidean gasoila zegoen. Kotxearen kontrola galdu eta zubitik beheiti erori nintzen. Bakarrik nindoan eta eskerrak». Ordutik gurpil-aulkian ibiltzen da hogeita hamasei urteko lesakar gaztea. 

 

Familiaren eta lagunen sustengua

Hasiera bereziki «gogorra» izan zitzaion: «zutik jartzeko modurik izanen ez nuela onartzea zaila izan zen, arazo aunitz nituen eta horri guztiari aurre egiteko nahiko lan...». Ez dira gutti izan eman dituen bueltak, ezta gainditu beharreko oztopoak ere. Istripua izan eta «berehala» Donostiako ospitalean izan zen, hortik «Bilboko Gurutzetara» bidali zuten eta «sei hilabeteren buruan» Ubarminera joan zen: «errehabilitazioa egin nuen eta ordutik bizitza normala egiten dut».

Bizimodua errotik aldatu zitzaion negu hartan. Izoztuta ditu oroitzapenak, eta «ia bortz urte» pasa badira ere, oraindik «zaila» egiten zaio gibelera egin eta oroitzea; «gogorra» oroitutakoa kontatzea. Bide malkartsu horretan «familia eta lagunen» sustengua ezinbertzekoa izan zaio: «beti hor egon izan dira eta hor egoten segitzen dute. Hori estimatzekoa da».

 

Nahi bada, ahal da

Gaur egun, «animotsu eta indartsu» sentitzen da, eta egunerokoan ez du laguntzarik behar: «herria eta ingurua, zorionez, nahiko ongi moldatuta dago gurpil-aulkian ibiltzeko, noski, beti bada hobetzerik baina...». Etxean ere sukaldea, komuna eta egongela egokitu behar izan zituen eta hasieran izebarekin egiten zituen bidaiak ere bukatu dira: «orain autoa gidatzen dut». Horri esker, «gauzak bakarrik egiteko gai naiz. Denbora gehiago behar izaten dut, baina egin ditzaket». Areago, etxeko lanak egiteko amaren laguntza izaten badu ere, «bakarrik» bizi da: «ez da gauza bera, baina nahi izanez gero gauzak egin daitezkeela erakutsi dit gurpil-aulkiak».

Batean «lagunekin gelditzeko» eta bertzean «igeri egiteko edo palan aritzeko» aprobetxatzen ditu tarte libreak. Kirol mundurako urratsa 2016an eman zuen: «Kemen elkartera, pertsona ezinduen kirol elkartera, jo nuen zituzten eskaintzak ezagutzeko». Errenterian palan jokatzeko aukera bazela ikusirik, «izena eman eta probatzeko pausoa ematea» erabaki zuen. Probatu bazuen probatu, «gustura aski» aritzen da gaur egun.

 

Entrenamenduetatik txapelketara

Mindara elkartearen eskutik, «astean hirutan» izaten dituzte entrenamenduak: «astelehenetan Asier Nabaridas sunbildarra eta biek aritzen gara Errenterian; astearte eta ortziraletan, berriz, lauzpabortz izaten gara eta Aginagan eta Lasarten biltzen gara, hurrenez hurren». Horrek, «deskonektatzeko eta burua bertze gauza batzuetan izateko» bide emateaz gain, «lagun gehiago egiteko eta harremantzeko» aukera ere eskaini dionez, kirola gustuko duen eta ezindua den «edonor» animatuko luke: «probatzeko nire aulkia utziko nioke».

Aurtengo udan, «uztailaren 7an eta 8an» jokatu du lehendabiziko txapelketa: «Asteasun egin zen pala egokituko txapelketan izan ginen». Federaziotik deitu ziguten, eta «kontent hartu genuen deia». Guztira «zortzi bikote» elkartu ziren. Laugarren sailkatu ziren Lasa eta Nabaridas, baina horren gainetik, izandako «esperientzia ederra» nabarmendu nahi izan du: «hagitz polita izan zen, deitzen diguten tokietara joanen gara, gustura aritzen gara eta».

 

Aitzinera egiteko gogotsu

Udakoaren ondotik, gehiago nahi zutenez, «lau lagun bildu» eta «herrietako pilotalekuetara zabaltzeko ideia» partekatuta, Udalera jo zuen Lasak. Udaletxean «hasieratik» baiezkoa jaso zuen. Udalak onetsita, «Santi Oiartzabalekin, Arkupeko presidentearekin solastatu nuen». Horrela bada, baten eta bertzearen laguntzarekin, «aitzinera eramatea» lortu dute. Asier Nabaridasekin bikote eginda, Beñat Lizaso eta Jesus Matarranzen aurka ariko dira.

Guztia ferietako ikuskizunera lerratu gabe, «segida izatea» gustatuko litzaioke lesakar gazteari. Hortaz, harri batez bi kolpe eman nahi izan ditu: «bide batez, Arkupeak elkarteko kirol egunean ere ari gintezkeela proposatu nion». Ordurako kontu batzuk lotzeke badaude ere, «asmoa eta gogoa» izan badela argitu digu: «sanferminen aitzineko asteburuan izanen litzateke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun