32. Gazta lehiaketako eta 21. Sagardo lehiaketako epaimahaiak ere lanean aritu ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.
Gazta lehiaketan hamaika ale aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Pimitxeneko Eider Pikabeak eraman zuen 220 euroko lehen saria eta Igantziko Argatagaraiko Elena Retegik bigarrena, 100 eurokoa. Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandozek 50 euroko hirugarren saria eskuratu zuen.
Sagardo lehiaketara, berriz, 16 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Endara auzoko Aialde baserriko Alberto Otxotekok eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. Berako Leku-Ederreko Guillermo Perugorriak aurkeztutakoak 75 euroko bigarren saria eraman zuen.
Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen musika eskolako trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxeetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen.
Errandonea anaia-arreben azken erakusketa
Ikastolako aretoan, Rosa eta Totono Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, asteburu osoan. Aipatzekoa da Errandoneak 1995ean lehen erakusketa paratu zuenetik 4.000 argazki eta prentsa errekorte plazaratu dituela eta hortaz, aurtengoa izan da azken erakusketa. Argazki horien gibelean hainbat eta hainbat istorio daude. Rosa Errandoneak, Traperos de Emaus erakundeko sortzaile izan zen Abbé Pierrerena kontatu zigun. Hain zuzen, naziek hartutako Frantziatik ihesean etorri zen Berara Ibardinen barna 1944an eta herrian hartu zuen ostatu. Handik urte batzuetara berriz ere bisitan etorri zen, bera egondako lekuak bisitatzera eta bizilagunak eskertzera.
Bezperan, hamabigarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Sei koadrilen artean, Zinaurriak I taldeak irabazi zuen lehen saria, 100 euro eta kaja bat ardo; bigarren izan ziren iazko irabazleak, Irene Matxiarena, Itxaso Berroeta eta Mari Karmen Urtxegik osatutako hirukotea eta kaja bat ardo lortu zuen. Hirugarren saria Zipi Zape taldeak lortu zuen.