Asteburu bikainaren ondotik azken egunean sartuak dira Berako bestak

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 6a, 08:00

Ehun lagun baino gehiago atera ziren tanborradan.

San Esteban egunez, arratsaldeko dantzez gain, Josu Goiak konposatu eta Igor Telletxeak moldatutako pieza berria estreinatu zuen Musika Bandak

Bezperako txupinazoaren eta San Esteban egunean, lehen aldiz emakume batek gidatutako Bordondantzaren ondotik ere, bikain joan dira Berako bestak. San Esteban arratsaldean plazan dantzatu zuten neska-mutilek eta hemen ere, neska batek, Arantxa Sesek dantzatu zion Aurreskua mutil bati, Joseba Bergarari. Ondotik, ohikoa denez, Musika Bandak kontzertu bikaina eskaini zuen. Berrikuntza gisara, Josu Goiak konposatu eta Igor Telletxea zuzendariak moldatutako “Altzateko Jaunari Otoitz” pieza jo zuten, Jokin Pinatxok kantatu zuen eta azken kantua, “Proud Mary”, Estitxu Pinatxok kantatu zuen. Jendetza bildu zen plazan, beroari aurre eginez.

 

Asteburuan sartuta, larunbateko tanborrada orain arteko jendetsuena izan zen. Ehun lagun baino gehiago atera ziren, 2016ko lehen edizioaren bikoitza. Arratsaldeko pilota partidetan, Iñigo Martinez herritarrak, Mendizabal III.arekin bikote eginez 22-13 irabazi zien Elordi eta Merino II.ari. Partida nagusian, Irribarriak eta Rezustak 22-14 irabazi zieten Ezkurdia eta Albisuri. 

Igandean kantu bazkaria izan zen, kafe musikatua eta dirt jump eta trialsin erakustaldia, Funboxfactoryren eskutik.

 

Hondar eguna

Abuztuaren 6a, astelehena izanen da hondar eguna.

09:00etan Bera kantari eta Ezpelur gaiteroak Garaitarreta eta Suspelttiki auzoetan ibiliko dira. 11:00etan Berako igerilekuan haur eta gazteentzat XXXI. Igeriketa Txapelketa. Antolatzailea: Gure Txokoa Elkartea. 12:00etan erraldoiak eta buruhandiak Altzatetik herriko etxera, Ezpelur gaiteroak lagunduta. 17:00etan Ezpelur gaiteroek San Jose zahar- etxean joko dute. 18:00etan Kukaña, Illekuetan. 18:00etan haurrentzako gynkana Merkatu plazan. 19:30 Berbena Altzateko plazan Tximeleta taldearekin. 21:00etan Dantza herrikoiak Ezpelur gaiteroekin Al­tzateko karrikan. Ondotik Zezensuzkoa aterako da Altzateko karrikan. 23:00etan Berbena Altzateko plazan Tximeleta taldearekin. Egun osoan zehar Incansables Txaranga karrikaz karrika ibiliko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun