Leire Barrutia pozik ageri zen Bordondantzan lehen emakume kapitaina izateagatik, “baina prozesua naturaltasunez egin dela azpimarratu du, adinagatik eta antzinatasungagatik horrela suertatzen zelako” izan baitu ardura hori. Plazan txalo zaparradarekin eta animo oihuekin hartu dute eta horretaz harro dago, baina «lasai hartu dut, taldean %100ean ados baiginen horretan». Dantza azkarra da Bordondantza eta alde horretatik, «inoiz dantzatu dudan dantzarik nekagarriena» izan dela onartu du Leire Barrutiak. «Soka indarrez tenkatu behar da, indarra egin behar da, baina argi dago neskek edo mutilek berdin egin dezakegula».
Ondotik dantzatu diren Makildantzetan eta Zahagi-dantzan ere neska-mutiko gehiago aritu dira, 77 dantzari eta 9 zahagi denera, zazpi taldetan banatuak.
Bordondantza baino lehen, Meza Nagusia izan da, Berako Abesbatzak kantatua. Azken bi urteetan bezala, EH Bilduko alkate eta zinegotziek ez dute parte hartu prozesioan, elizako eta udaleko kontuak bereizi behar direlakoan, eta herriko bandera Herrirako taldeko Jose Antonio Oiarzabal zinegotziak eraman du. Aurreskua dantzatu dute bi dantzarik elizan, baina ez Gure Txokoaren izenean, elkarteko bazkide batzuen eskariarekin bat eginez. Erraldoi konpartsak, berriz, lehen aldiz dantzatu du elizan.
Gero, plazan, herriko bandera dantzatu du Oiarzabalek zinegotziak, oraingoan bai, udal ordezkari guztiak inguruan zituela, Oier Larretxeak txistua eta Mikel Telletxeak atabala jotzen zuten bitartean.
Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu dituzte Bordondantza eta Makildantzak eta ondotik, Ander Fuentes Itturri eta Uxue Alberdi aritu dira bertso kantari plazan eta Ezpelur gaiteroak Ibardinen barna. Arratsaldeko dantza saioaren aitzinetik, Incansables txarangak ere joko du San Jose Zahar Etxean
Arratsaldeko Aurreskua
Goizeko dantzen ondotik, arratsaldeko Aurreskuaren txanda izanen da. Ezpatadantzariek, neska kapitain baten etxean, Arantxa Seséren etxean berendua hartu eta joanen dira plazara. Arantxa Sesérekin batera, Iraia Gillenea izanen da nesken bertze kapitaina. Mutilei dagokienez, Xiker Lizardi eta Joseba Bergara izanen dira aurreskua eta atzeskua.
Aitzinesku eta atzeskuekin batera, Oihana Berasategi eta Mikel Esnaola, Saioa Irazu eta Oier Larretxea, Paula Artieda eta Ruben Pedrosa, Olatz Etxepare eta Yerai Taberna, Saioa Zelaieta eta Unai Etxegarai, Saioa Ugalde eta Josu Iparragirre eta Ane Pacheco eta Iñigo Arana ariko dira arratsaldeko Aurreskuan. Hemen ere berdintasunerako urratsak urratzen ari direnaren seinale, Arantxa Sesek dantzatuko dio aurreskua Joseba Bergarari eta Xiker Lizardik Iraia Gilleneari.
Dantza saioaren ondotik, Berako Musika bandak ere bere emanaldia eskainiko du eta egunero bezala, dantza herrikoiak izanen dira Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroen laguntzarekin.