Nafarroako koxkor biltze txapela berreskuratu du Fernando Etxegaraik lau urte eta gero

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 30a, 07:52

Fernando Etxegarai berriz ere txapeldun Nafarroan, podioa osatu zuten KaƱamares eta Blancoren artean.

Beran uztailaren 29an jokatutako finalean denbora bikaina egin zuen (6:16) 

2014an irabazia zuen azken aldiz Nafarroako koxkor biltze txapelketa Fernando Etxegarai beratarrak. Bitxia baldin bada ere, azken hiru urteetan, Nafarroako azpitxapeldun izan ondotik Euskal Herriko txapeldun izatea lortua zuen Berako kirolari handiak. Aurten, ordez, sorterrian ez du hutsik egin eta igandean Beran jokatutako finalean Nafarroako txapela berreskuratzea lortu du.

 

Fernando Etxegarai beratarrak 6 minutu eta 16 segundo behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko. Azken urteetan lortutako denbora onenetako bat, nahiz eta 2004an lortu zuen Euskal Herriko errekorretik 15 segundora gelditu. Arostegiko Imanol Kañamares izan zen bigarren (6:25), Iruñeko Aitor Blanco iazko txapelduna hirugarren (6:30), Berroetako Asier Gamio laugarren (6:39) eta Elizondoko kanporaketan denborarik onena lortu zuen Iruñeko Alis Alonso bosgarren (6:49).

Eskualdeko bertze kirolari beterano handi batek, Santiago egunean Elizondon berriz ere koxkor biltzen Nafarroako txapeldun suertatu zen Maika Ariztegi iturendarrak paratu zion txapela Fernando Etxegarairi.

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako jaialdia osatzeko, Nerea Sorondo beratarraren eta Maika Ariztegi iturendarraren arteko aizkora saioa etxekoak irabazi zuen eta harri-jasotzen erakustaldia eskaini zuen Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun