CAF-Elhuyar dibulgazio orokorreko artikulu onenaren saria Lesakako Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek irabazi dute aurten, Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Artikuluaren berri eman digu Alaitzek.
Artikulu sarituaren idazketaz arduratu zara… Nola izan da elkarlana ahizparekin?
Ahizpari CAF-Elhuyar sarietan parte hartzeko proposamena egin nioenean, zein gaiarekin aurkeztu nahi nuen aipatu eta ilustrazioak egiteko bere laguntza eskatu nion. Artikulua idazten ari nintzen bitartean gutxi gorabehera ilustrazioen ideia ttiki bat banuen. Testua amaitu eta bere iritzia jaso ondotik, Iraiak ilustrazioak prestatu eta testuan txertatu zituen lana osatu eta horrela gure iritziak eta proposamenak partekatzeko. Nahiz eta hasieran bakoitza eginkizun batean egon ginen, bukaerako artikulua bien gustukoa izateko elkarlanean aritu ginen. Guretzako lehenbiziko aldia izan da elkarrekin horrelako lan bat egiten duguna baina bi ahizpen artean harreman hagitz ona dugu eta konfidantza haundia iritziak eta proposamenak emateko eta aditzeko.
Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra… Zein da lan honen xedea?
Lan honen xedea etxean sortzen dugun plastiko zaborrak ingurumenean eta pertsonengan eragindako arazoen berri ematea eta nagusiki gizartea kontzientziatzea da. Gaur egun plastiko zaborrei emandako irtenbideak ez dira jasangarrienak eta bide horretatik jarraitzen badugu arazoak bertan jarraituko du. Nahiz eta plastikoen arazoen gaia aunitz landu den eta horretan oraindik lan aunitz egiten ari den, gizarteak ardura eta inplikazio handiagoa izan beharko lukeela uste dugu.
Zaborra diozunean, gehienbat plastikoa aipatzen duzu… Izugarria da material honen hedapena. Egiatan posible ikusten duzu egoera hori iraultzea? Zein dira artikuluan lantzen dituzun soluzioak?
Plastikoa aplikazio ugarietan erabiltzen den materiala da: Elikagaiak ontziratzeko, medikuntzan, ibilgailuetan, eraikuntzan, eta abar. Plastikoa leku guztietan dago eta bere hedapena izugarria da. Erabilerarik nagusiena ontziratzea da eta bereziki erabilera bakarreko ontziak ekoizteko erabiltzen da plastikoa. Plastikoa lortzeko natura-baliabideak (amaitzen ari den petrolioa) etengabe ustiatzen ari dira eta aipatu bezala, egungo plastiko zaborren kudeaketa (plastiko zaborra erretzera edota zabortegietara, itsasora edo beste lurralde batzuetara eramatea) ez da irtenbiderik jasangarriena. Plastikoen bide honetan sortzen diren bi arazoei irtenbidea emateko, iturri berriztagarrietatik datozen material biodegradagarriekin egindako plastikoak erabili behar dira. Bide horretan, amaierako zaborra produktu berriak ekoizteko erabiltzen da; ibilbide osoan, zero zabor sortzen da eta materialaren bizi zikloa ixten da.
Birziklatzea gero eta zabalduagoa dugu, baina zakarrontzi horira botatzen den guztia ez omen da birziklatzen. Zergatik?
Hainbat arrazoi daude zakarrontzi horira botatzen den plastiko guztia birziklatua ez izateko. Alde batetik, zakarra gaika bereizten dugunean, zakarrontzi horira bota behar ez den zakarra botatzen dugu eta horrek zaildu egiten du zaborrak gaika sailkatzen dituzten instalazioen lana eta ondorengo birziklapen-prozesua. Bertzetik, plastiko ezberdinak ezin direnez elkarrekin birziklatu, zakarrontzi horitik ateratzean, plastikoak identifikatu eta bereizi behar dira. Plastikoari gehigarriak gehitzen zaizkionez, konposizio kimiko ezberdinetako plastiko ugari aurkitzen dira aunitzetan, janari- eta edari-hondarrez zikinduak daudenak edota bertzelako materialak dituztenak. Horrek guztiak plastikoa identifikatzea eta bereiztea zailtzen du. Horretaz gain, plastikozko ontzien birziklapenak mugak ditu. Horietako bat berrerabilpena da. Elikadura-segurtasunagatik, plastiko-mota batzuk ezin dira berriro elikagaiak ontziratzeko erabili, eta, ondorioz, erabilitako plastikoari bertze aplikazio bat eman behar zaio. Bertze mugetako bat, plastikozko ontziak birziklatzeko erabiltzen diren prozesu termikoak dira. Prozesu horiek plastikoa degradatzen dute, eta materialak, bidean, propietateak galtzea eragiten dute. Horrela, plastikoek birziklapen ziklo mugatua dute, eta horregatik, birziklatutako materiala plastiko berriarekin nahasi behar da, amaierako produktuak beharrezko propietateak izan ditzan. Horrek guztiak galarazi egiten du %100 plastiko birziklatuarekin egindako ontzien ekoizpena.
Bertze dibulgazio artikulurik idatzi duzu? Edo idazteko asmorik?
Gehien bat ingelesez artikulu zientifikoak idazten ditut, ikerkuntzaren munduan hizkuntza erabiliena ingelesa delako. Euskaraz ere artikulu batzuk idatziak ditut, Ekaia-EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkarian argitaratuak. Lehenago erran bezala, lehenengo aldia da dibulgazio artikulu bat idazten dudana baina artikuluaren arrakasta eta gero, euskaraz dibulgazio artikulu gehiago idazteko motibazio piztu zaidala erranen nuke.