Ekainaren 29an aurkeztuko dute Euskaraldia Beran

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 26a, 10:26

Euskal Herri osoan eginen den ekimena martxotik ari da prestatzen beratar talde bat

Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izanen ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izanen da 2018ko azaroa eta abendua bitartean eginen den “Euskaraldia 11 egun euskaraz” ekimenaren helburua. Bertzetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guzietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izanen da helburua.

 

Euskaraldia Beran antolatzeko talde bat lanean ari da martxoaz geroztik. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da Euskaraldia Euskal Herri osoan, eta herrian bidea arrakastatsua izan dadin, prestaketa-lanetan ari dira, ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan, herritar ahalik eta gehien inplikatzeko. Euskal Herriko gainerako tokietan bezala, Beran ere, euskalgintza eta erakunde publikoak elkarrekin ari dira Euskaraldia antolatzen, eta batzordean herritar euskaltzaleak, euskara sustatzeko erakundeetako ordezkariak, eta Berako Udalekoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatekoak elkarlanean ari dira. 

Gisakorik ez da inoiz egin Euskal Herri osoan, aldi berean. Hamaika egunez 16 urtetik goitiko herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen solasa, gutienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. 

Ekimenaren aurkezpen soziala egin eta nondik norakoak aurkezteko ekitaldia antolatu dute heldu den ortziralerako, ekainaren 29a, 19:00etan, Illekuetako parkean. Ordu erdi inguruko ekitaldia izanen da, «laburra eta bizia», antolatzaileen arabera, Euskaraldia zer den ezagutzeko balioko duena eta norberak nola parte har dezakeen erakutsiko duena. Musika eta bertzelako sorpresaren bat izanen du, eta Euskaraldiak berak bezala, herritar anitzen partaidetza izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun