Ekainaren 2an, larunbat arratsaldean Etxalarko II. Artzain zakur lehiaketa egin zen errota pareko zelaian. Ardi artaldeak Olazarretik eta Lekuedertik ekarri ziren eta eskerrak ematen dira bi baserri hauei. 4 zakurrek parte hartu zuten lehiaketan: Landaburuko bordako Xarpa, Bordaxuriko Kea, Axularko Ttiki eta Kortariko Peio. Zakurrek bi proba egin behar izan zituzten; lehenengoa zakurra epaimahaiak errandako banderinaren ondora eraman eta bertan jarriarazi, segidan artaldea artzainaren ondora ekartzea eta gero ardi guztiak hasi tartetik pasatzea. Bigarren proba berriz, kortxelera ardi guziak sartu eta ateratzea. Lan hauek epaitzen 3 epaile aritu ziren: Xanti Elizagoien, Jon Azkarraga eta Joseba Danboriena. Zakur guziak lan bikaina egin zuten eta denak izan ziren sarituak. Guztiek pentsu zaku bana eta makila eraman zuten. Txapeldunak, Keak txapela, bigarrenak Peiok bi botila ardo, hirugarrenak Ttikik bi botila ardo eta laugarrenak Xarpak tarta bat.
Igandean goizetik jende aunitz ibili zen herrian artisauen erakusketa ikusten. XXVI. Altxata gasna lehiaketara 12 gasna aurkeztu ziren. Lehenengo saria 120€ eta trofeoa Berako Garmendiko bordako Sokorro Almandozek irabazi zuen. Bigarren saria Orabideko Salaberriko bordako Pello Pegneguyrentzat izan zen; 90€ eta trofeoa. Hirugarren saria ere Orabidera joan zen, Kortariko bordara, eta Julen Arburuak bildu zuen 75€ eta lore sorta. Etxalarkoen artean lehenengo saria Jorge Arizaletarentzat (Urtsua) izan zen, 50€ eta trofeoa eta bigarren saria 30€ eta lore sorta Behekozubira joan zen, Juanamari Arburuarentzat. Bestak ilunabarrerarte iraun zuen, 120 lagun inguruk herri bazkarian kantuz giro ederrean gozatu zuten.
Lehiaketara aurkeztu ziren gasnen erdiak zozketatu egin ziren. Oraindik lau gasna erdiren irabazleak ez dira azaldu. Hauek dira zenbakiak: 4261, 4682 eta 4685 eta 4700. Zenbaki hauetakoren bat duena Altxata elkartearekin harremanetan jar dadila altxata@gmail.com edo 697397567 telefonoan.