Ariznabarretaz gain, Beñat Katarain eta Jon Ugalde ere bertan egongo dira, bigarren eta hirugarren izandakoak 2017an. Aldi berean, 2016an bigarren egindako Joxe Amunarrizek ere parte hartuko du.
Beteranoen artean ez da azken lau urteetan kategoria horretako irabazle izandako Carlos García irundarra izanen.
Emakumendakoen kategorian Laura Sola, 2014, 2015 eta 2016ko irabazlea eta 2017ko bigarrena, eta Oihana Azkorbebeitia, 2012ko irabazlea, izanen dira. Alizia Olazabal irundarra ere ez da faltako, beteranorik hoberena azken hiru urteetan, eta Beran hiru aldiz irabazle absolutua izandakoa. Izen emandako 50 emakumeen artean Uxoa Irigoien dago, iaz bosgarren egin zuena.
Emakumeen errekorra
Hain zuzen ere, Solak 150 euroko saria jasoko du lasterketako emakume azkarrenaren marka izateagatik, 2 ordu eta 26 segunduko denborarekin. Izan ere, aurtendik hasita, Berako Mendi Maratoi Erdiak ez du karreraren errekorrari 300 euroko sari bakarra emanen, baizik eta bi izanen dira: 150 euroko bat gizonezkoentzako eta 150 euroko bertze bat emakumeentzako. Ariznabarretak du gizonezkoen arteko markarik onena (1:37:30, 2014an), Solak emakumeen arteko markarik onena izanik (2:00:10).
Oraingoan ere, korrikalari herrikoiak izanen dira maratoi erdiaren protagonistak. Azken urteetan gertatu izan den bezala, korrikalarien eskura jarritako 525 dortsalak bi egunez bukatu ziren.
Korrikalari ezagunen artean Iñaki Berruet eta Joseba Llorente futbolari ohiak, eta Pitxi Egillor mendizalea egonen dira. Lasterketa Nafarroako Lerroko Mendi Lasterketen Txapelketarako puntuagarria izango da berriz ere. Txapelketarako federatuta dauden korrikalari guztiek puntuatuko dute, federazio-lizentzia den lurraldekoa izandik.
14 eta 17 urte artekoen lasterketa berreskuratu da
Manttalek, duela urte batzuk egiten zen 14 eta 17 urte arteko gazteentzako lasterketa berreskuratu du aurten. Proba, 6 kilometro luze duena eta 460 metroko desnibelarekin, maratoi erdiko irteeraren ondotik hasiko da, eta bukaera Ibardingo tarteko helmugan izanen da. Korrikalariak Berara bueltatu ahal izanen dira antolakuntzak jarritako furgonetetan.
Izen-ematea, 5 euroren truke, lasterketaren egunean egin ahal izanen da Berako Toki Ona kiroldegian.
Bezperan, ‘Al otro lado de la cuerda’ filmearen emanaldia
Lasterketa girotzeko, mendi maratoiaren bezperan, larunbatean, Berako Kultur Etxean Al otro lado de la cuerda filma eskainiko dute 19:30ean. Pelikula Javier Valerok zuzendua da, Arkaitz Yurritarekin batera sortutako ideia originaletik aurrera, eta eskaladaren etikari, balioei eta izaerari buruz hitz egiten du.
Emanaldia Manttalek antolatu du eta Ostargi Optikak babestu du. Sarreraren prezioa 3 euro izanen da.