Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Lesakako Oinez Basoa landatzen hasiko dira otsailaren 18an

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 15a, 09:40

Mikel Asiain (Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidentea), Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea eta Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako presidentea, Oinez Basoa hitzarmena sinatu zutenean joan den urteko abuztuan.

11.000 zuhaitz landatuko ditu Udalak Frain mendian, orain arteko Oinez Basorik handiena, Nafarroa Oinezekin bat eginez

Joan den urteko Nafarroa Oinezen baitan, Oinez Basoa landatzeko hitzarmena sinatu zuten Lesakako Udalak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Tantirumairu Ikastolak. Denera 11.000 zuhaitz landatuko dituzte Frain inguruko 10 Hektareatan, 2015eko abenduan suteak kaltetutako eremuan. Lehenbiziko landaketak egiteko ekitaldia otsailaren 18an, igandean, eginen dute.

 

Igande goizeko 8:30ean Ikastolatik oinez elkarrekin abiatuko dira Frain aldera nahi dutenek. Autoan joan nahiago dutenek, berriz, 9:30ean izanen dute hitzordua ikastolako aparkalekuan.

10:30ean hasiko da Fraingo ekitaldia, solasaldiekin, bertsoekin eta landaketarekin. Ondotik, taldeko argazkia eginen dute.

Ekitaldian Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea eta Amaia Lasheras Tantirumairu Ikastolako presidenteak solastuko dute.

Frainetik jautsita, 12:00etan lagunarteko hamaiketakoa eskainiko dute ikastolan.

 

Orain arteko Oinez Basorik handiena

Kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda. Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa bai haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izanen dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.

Tantirumairu Ikastolak, 2017ko Nafarroa Oinezen antolatzaileak, eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Ekarpenaren izaera landaketa bukatu eta gero erabakiko da eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, baina, edozein kasutan, aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza-jardueretarako espazio bat izanen dela. Edozein kasutan Ikastolak aldez aitzinetik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea. Oinez Basoaz oro har eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzea ere ikastolari dagokio. Ikastolaren baliabideen baitan, aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.

 

Zazpigarren Oinez Basoa

Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.  Erabaki hori hartu zenetik gaur egun arte, sei baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran, baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan; bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa Baztanen; eta, azkena, Viana eta Lodosako ikastolen eskutik, Andosillan eta Sartagudan egin dena. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan. Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, UPNArekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun