Larunbat goizean eskalada tailerra egin zen Toki Ona kiroldegian, eta 70 bat neska-mutikok parte hartu zuten, eskalada eta oreka ariketak eginez, rappel, boulder eta gisakoak. Arratsaldean, Santa Barbarara oinezko mendi ibilaldia eta binakako kronoigoera egin ziren eta Manttaleko haurrek lasterka ere egin zuten.
Arratsaldeko 3etan abiatu ziren oinezko mendi ibilaldian parte hartu zuten 50 bat lagunek eta Larretagainera joan ziren, korrikalariak animatzera pasatzerakoan.
5,5 kilometroko erlojuaren kontrako lasterketan 51 bikotek eta hirukotek hartu zuten parte. Rikardo Baroja eskolaren paretik minutuero atera ziren partehartzaileak eta jendearen animoak bildu zituzten ibilbide osoan. Ohikoa denez, lasterketa ez da konpetitiboa, baina bikoteen denborak hartu zituzten eta panel batean erakutsi. Horien artean, Manttaleko Asier Apezetxea aranztarrak eta eta Unai Santamaria hernaniarrak osatutako bikoteak lortu zuen denborarik onena (25 minutu eta 37 segundo). Partehartzaile guztiek 46 minutu baino guttiago behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. Baina erran bezala, parte hartzea zen garrantzitsuena. Manttaleko korrikalari aunitz atera ziren proban.
Probaren ondotik, partehartzaileentzako berendua eskaini zen eskolako jangelan eta oparien zozketak ere egin ziren.
Pitxi Egillorren proiekzioa
Beranduago, Kultur Etxean, Pitxi Egillor mendizalearen ‘Pirinioak eta Himalaya artean’ proiekzioa eskaini zuten. Iruñean 1948an jaiotako mendizaleak Munduko mendietan izandako bizipenak laburbiltzen ditu emanaldi honetan. Pirinioetan egin zituen lehen gailurrak aurkeztu zituen eta ondotik, Andeak, Himalaya edo Karakorumera egindako espedizioak ere gogora ekarri zituen zuzeneko aurkezpen honetan.