Saskiari omen egin diote Igantziko Abenduko Kultur Egunetan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 11a, 10:17
Ortziralean, saskia eta saskigintza protagonista izan ziren Baratzondon. Argazkia: Oskar Txoperena

Abenduaren 8an, kantu poteoaren ondotik, saskigintzaren inguruko erakusketa eta ‘Azken saskia’  dokumentala eskaini zuten

Igantziko Euskara Batzordeak antolatutako Abenduko Kultur egunak bikain joan dira. Erran daiteke egun handia abenduaren 8a, ortziralea izan zela eta bere garaian Igantziri izaera eman zioten saskiak eta saskigintzak hartu zuten protagonismoa.

 

Ortzirale eguerdian kantu poteoa izan zen Arantzako Mitxelena aita-semeekin, herriko elkarte eta ostatuetan. Arratsaldea, berriz, saskiari omen egiteko izan zen. Badira hamabortz urte herriak omenaldi bikaina egin ziela herriko saskigileei eta, orokorrean, saskigintzaren lanbideari. Garai hartan oraindik zenbait saskigile lanean ari ziren, baina gaur egun Igantzin dagoeneko inor ez da lan horretan ari. Horregatik, batzordeak berriz saskigintzarekin lotutako zenbait ekitaldi antolatu zituen Baratzondon.

Arratsalde guzian saskia egiteko tresnen erakusketa izan zen, eta duela hamabortz urte egindako argazkiak ere ikusgai izan ziren. Arratsakdeab haurrentzako saskigintza tailerra izan zen eta Jesusmari Garberekoa aritu zitzaien saskia nola egin irakasten. Ondotik, “Azken saskia” dokumental laburra eskaini zen. Oier Fuentesen dokumental honek Euskal Herrian, Espainian, African, Errusian nahiz Quebec-en egindako festibaletan parte hartu du, eta hainbat sari jaso ditu. Hamar  minutuko dokumental honetan, Garbereko Jesusmari Sein ageri da, gaztainarekin saskiak lehengo eran egiten zituen azken nafarra. Ikus-entzunezko honetan bere ofizioa eta bizitzaren errepaso bat egiten da, eta bere azken saskia egiten ikusten da, ogibide honen desagerpenaren arrazoien inguruko hausnarketa bultzatuz.

Eguna goxo akautzeko, Biltokin opil jatea izan zen.

 

Aitzinetik eta ondotik, hainbat ekitaldi

Baina abenduaren 6tik 10era, bertze hainbat ekitaldi izan ziren abenduko Kultur Egunen baitan. Abenduaren 6an motibazio tailer bat egin zen. Igantziko Euskara Batzordearen aspaldiko kezka da Igantzin euskara lehen baino gutiago erabiltzen dela, herritar ia guziek euskaraz jakinda ere egoera anitzetan ez dutela erabiltzen. Kezka hori herritar gehiagorekin konpartitzeko helburuarekin antolatu zuten tailerra UEMAko teknikariekin Baratzondon.

Abenduaren 7an, Eskolzarren, “Bide eginez. Nafarroako Ikastolak 1969tik 1991 arte. Igantziko Ikastola” izeneko solasaldia eskaini zuen Juan Luis Larrazak. Larrazak oraintxe argitaratu du “Bidea eginez” liburua, eta bertan kontatzen du Nafarroako ikastolen lehen 22 urteetako ibilbidea. Akaso igantziar aunitzek ahantzia izanen dute, baina bertan ikastola izan zen, 1991. urtean sare publikoan sartu zen arte. Ikastola ttiki haren nondik norakoak oroitaraziko ditu Larrazak.

Gauean, Berako Mugaldekoak taldeak ‘Galdemoduen trilogia’ bere azken diskoa aurkezteko kontzertua eskaini zuen Baratzondon.

Larunbat arratsaldean  haurrentzako perkusio tailerra izan zen, Zo-zongó taldearekin, eta ondotik batukada emanaldia egin zuten herrian barrena. Gauezm Putinen guardasola antzezlana eskaini zuten Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek Baratzondon.

Kultur egunei akabaila emateko, igande eguerdian hasita herriko dantza taldearen emanaldia izan zen, herrian barrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun