175 azienda plazaratu zituzten Lesakako feria egun jendetsuan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 24a, 08:04

Behi azienda ederrak plazaratu dituzte aurten ere Lesakako ferietan.

Lesakako Gillenbordako eta Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu dituzte sari nagusiak behi aziendetan, Evarista Telletxeak zaltabereetan eta Berako Miguel Angel Etxegaraik aharietan 

175 azienda aurkeztu ziren ortzegun goizean Lesakako Plaza Zaharra ingurura, Bortzirietako feria egunean parte hartzera. Horietatik 108 zaltabereak ziren (iazkoaren bikoitza kasik, aitzinego egunetan egindako euriarengatik ezin izan baitzituzten menditik bildu), 54 behi (iaz baino dozena bat guttiago), batzuk bere aretzearekin eta zezenkoren bat eta 13 ahari (iaz baino 10 gehiago eta azken urteetako kopururik handiena). Goizean goiz euri pixar bat egin bazuen ere, eguraldi polita eta epela gelditu zen ortzegun goizean, eta jendetza bildu Lesakako karriketan.

 

Suitzako arrazako behien kategorian lehen bi sariak, 190 eta 160 eurokoak, Lesakako Gillenbordako Francisco Javier Altzugarairentzat izan ziren eta hirugarrena 100 eurokoa, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoa Etxebesterentzat. Haragitako behien kategorian,  190 euroko lehen saria eta 100 euroko hirugarrena ere, Berako Begibeltzenekobordako Joxean Igoak eskuratu zituen. 160 euroko bigarren saria Maria Isabel Indarentzat izan en.

Azken urteetan bezala, ez zen esnetako behi holandesarik aurkeztu eta hutsean gelditu ziren sariak.

Zaldi aziendetan, 125 euroko lehen saria, Lesakako Evarista Telletxearentzat izan zen, 95 euroko bigarren saria Arantzako Vicente Arozenarentzat eta 50 euroko hirugarrena Lesakako Maria Jesus Maiarentzat. Maribel Indak 80 euroko saria jaso zuen bere montura behorrarengatik, Lesakako Mari Sol Otxotekok 100 euro pottoka onenarengatik eta Francisca Otxoteko beratarrak 70 euro ponni onena plazaratzeagatik.

Aharietan, 13 buru aurkeztu zituzten, azken urteetako kopururik handiena. Lehen bi sariak (50 eta 30 euro) Berako Miguel Angel Etxegaraik aurkeztutakoentzat izan ziren eta hirugarren saria (20 euro) Gillenbordako Francisco Javier Altzugaraik aurkeztutakoarentzat.

Baina azienda feriaz gain, Lesakako karrikek salmenta postuez gainezka egin zuten. Eskulangileek Alondigako eta Herriko Etxeko arkupetan eta Beheko Plazan bildu ziren, San Fermin elkarteak antolatuta. Aipatzekoa da, berrikuntza moduan, Ezpelur gaiteroak ere karrikaz karrika ibili zirela giroa jartzen.

Elikadura postuak ere jarri ziren plazako aparkaleku inguruan eta bertze hamarka salerosketa postu ere jarri zituzten. Tartean, Tantirumairu ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek jarritako Tantirudendan bildutakoa, Siriako errefuxiatuentzat bideratuko dute.

Azienda lehiaketako sariak banatu baino lehen, herri kirol saio mistoa eskaini zuten, emakume eta gizasemeak aizkoran, arpanan, harrijasotzen… aritu baitziren. Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus bertsolariak kantari aritu ziren kioskotik, presoen senide eta lagunek hauen eskubideen aldeko elkarretaratzea ixilean egiten zuten bitartean.

Arratsaldean, bazkalondoan, pilota partidak eta dantzaldia izan zen plazan Oharkabe taldearekin. Honen atsedenaldian, Beti Gazteko dantza taldeak bere saioa eskaini zuen plazan,

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun