75 urte bete dituen Berako Eztegara pilotalekuan abiatuko da eskuz binakako txapelketa nagusia azaroaren 24an

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 8a, 07:43
Eztegara pilotalekuan pilota partida,1942an.

1942ko urriaren 12an inauguratu zuten Berako frontoia eta garai hartako 90.000 pezeta kosta zen egitea

Oraindik ez da txapelketaren aurkezpen ofizialik egin eta hortaz, ezin jakin zer partida izanen den, baina aurtengo eskuz binakako txapelketa nagusiaren estreineko partida Berako Eztegara pilotalekuan jokatuko da. Izan ere, 75 urte bete dira Eztegarako pilotalekua inauguratu zenetik. 

 

Zehazki, 1942ko urriaren 12an izan zen inaugurazio ospakizuna. ‘El León navarro’ bezala ezagun zen Irigoyen Berako erremontistak egin zuen ohorezko sakea eta lehen pilotak, frontisean jo ondotik, gibeleko errebotearen hormaren gainetik pasatu omen zen. Lehen partida erremontean jokatu zuten herriko lau pilotarik: Irigoyen I eta IV.a, Elizalde eta Marich-en kontra. Ondotik, “bi frantziar, bi espainiarren kontra” aritu omen ziren.

Garai hartako 90.000 pezeta kosta zen frontoia egitea eta 12.000 metro kubiko lur mugitu behar izan zituzten. Inaugurazioaren bezperan, bizkar besta ospatu zuten Charlot-en (gaur egungo Euskalduna) afaria eginez: Jose Artieda, Apezaborda, Xixari, Alkaiagako Batista, Vicente Fagoaga, Andueza, Patxiku Retegi, Genaro Iturbide, Berasain, Bordaberri, Fernando Elgorriaga, Esteban Errandonea, Dionisio eta Jose Chantre (hauek kontratistak ziren). Ricardo Barojak lanean aritu zirenen izen-abizenak paper batean idatzi zituen txukun-txukun, botila batean sartu zuen papera, eta erreboteko txokoko harri batean sartu zuten. 1942 urte hartan pilota partida bat jokatu omen zen baserritarren (Egiluzea, Maletenea eta Premosa) eta herritarren artean (Campanero, Dorronsoro eta Arrosko).

Orduz geroztik, hainbat pilota partidaren lekuko izan da Eztegara. 1968an teilatua eman zitzaion; 2001ean moldaketa lanak egin ziren frontisean eta zolan eta iaz emergentzia irteerak egokitzeko lanak hasi zituzten, aurtengo bestetan inauguratu direnak. Honela, bigarren solairua ere erabil daiteke orain segurtasun-arauak betez eta 650 lagunentzako tokia du. Azaroaren 24ko jaialdirako sarrerak Agara prentsan salgai daude.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun