Serorenbordako gazta eta Simoneko aharia garaile Arantzako Baserritarren Egunean

Nerea Altzuri 2017ko aza. 2a, 07:31

Jendetza bildu zen Arantzako frontoian, Baserritarraren Egunaren aitzakian.

Hogeita bigarren edizioan 27 salmenta eta erakusketa postu jarri eta lehiaketara sei gazta aurkeztu zituzten 

Ekaitza Elkarteak antolaturiko XXII. Baserritarren egunean jende aunitz ibili zen azaroaren 1ean. Eguraldi ederra lagun, harrera bikaina izan zuen, honez gero herrian errotua dagoen ekimenak.  Urtero bezala, frontoian eta plazan, herritarren aziendak, eskulanak, tresneriaz,  elikagaiak eta edariak ziren nagusi. Herritarren 27 salmenta eta erakusketa postu ikusi zitezkeen Santu Guztien Eguneko hitzorduan.

 

Bertako baratzetako barazkiez, eskulanez eta tresneriaz hornitutako  erakusketa postuak frontoian erdialdera kokatuak ziren: Felix Apezetxea, Larrainekoborda, Margari eta Enkarna, Mentxu Peña, Pittikoborda, Olaberri eta Tuanekobordak parte hartu zuten. Frontoi sarreran berriz, hainbat herritarrek ekarritako aziendak zeuden: Goiko Egusuta, Larrainekoborda, Simonea, Irulegiko Fermin eta Seberiano Indakoetxearen aziendak.

Herriko produktuak etxera eramateko intentzioarekin ere, bertako produktuen zale aunitz ere hurbiltzen da atzoko egunean. 

Barazkiak, zerrikiak, eskulanak, taloak, egutegiak, kamisetak... denetarik zegoen salmenta postu etan: Arantzako Eskola, Gazte Asanblada, Guraso Elkartea, Toki Ona institutua,  Pabloenea, Pittikoborda, Senberro, Ilargi okindegia, Landondo, Maritxu Larretxea, Mikel Leiza, Ixabel Lukanbio, Maixe Oskoz eta Txanek paratutako postuak izan ziren. Bertzalde, urtero bezala, ostatuan edatekoak eta pintxoak eskaini ziren. Aurten eskola eta Pelle-Ttikiren alde izan zen, eskolako jarduerak eta haur txokoaren proiektua laguntzeko. Goiza girotzeko, herriko trikitilari eta panderojoleek ere, merkatu gunean nahiz herrian barna, saio ederrak egin zituzten. 

Gazta lehiaketan, 6 gazta aurkeztu ziren: Serorenbordako Margari Madariaga, lehenbiziko saria eskuratu zuen (60 euro); bigarren saria Otsarrako MariJose Larretxeak (40 euro) eta hirugarren, Laraburukobordako Esther Elizondoren gazta (20 euro) sailkatu ziren. Epaimahaian, Beatriz Taberna, Gregorio Mitxelena, Xatur Larralde, Mentxu Peña, Andoni Zulaika eta Leire Mitxelena aritu ziren. 

Ahari lehiaketan, lehenbiziko saria Simoneko Xabier Iturriak (50 euro) eta bigarren saria berriz, Exkerrenbordako Julio Lukanbiok (25 euro) eraman zituzten. 

Bertako produktuez osaturiko zarearen zozketan,  Sonia Iturria izan zen sariduna. 

 

 

Udazkeneko kulturaldia oparoa 

Arantzako Euskara Batzordeak antolaturiko kultur egunak ere arrakastatsuak izan dira. 

Joan den larunbatean, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez kantari eta musikarien eskutik izandako Baga, Biga, Higa emanaldi interesgarrian, eskolako jimnasioa ttiki gelditu zen. Igandean berriz, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktore ezagunek, Putinen guardasola antzezlana eskaini zuten leku berean eta jende aunitz hurbildu zen ikustera.

Antzerkiaren aitzinetik, Ekaitza Elkartean, helduentzako mus txapelketa eta gaztetxoentzako partxis lehiaketa izan ziren. Musean txapeldunak Imanol Mitxelena eta Dani Iparragirre izan ziren; eta azpitxapeldunak, Jon Alzuri eta Iñaki Gamon.

Partxisean, Xuban Taberna eta Enaut San Juan lehengusuek irabazi zuten eta azpitxapeldun Ane Larralde eta Irati Azpiroz gelditu ziren. 

Bertzalde, azaroaren 1ean Ameli ipuin kontalariaren saioa izan zen eta guraso elkarteak emaniko berenduarekin agurtu zituzten aurtengo kultur egunak. 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun