Azaroaren 1eko Baserritarren Egunak borobilduko du Arantzako Udazkeneko Kulturaldia

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urr. 31a, 07:43

Barazki eta baserritako bertze produktu ugari plazaratuko dituzte asteazkenean Arantzan.

Gazta eta ahare lehiaketak eginen dira eta aziendak plazaratzen dituztenek ere saria izanen dute 

Azken urteetako ohiturari eutsiz, azaroaren 1ean Arantzan Ekaitza elkarteak antolatutako Baserritarren Eguna eginen da goizez eta haurren ekitaldia arratsaldez. Goizez, Baserritarren Eguna eginen da eta horretarako dena prest du Ekaitza elkarteak. Beti bezala, egun horretan, herriko plaza eta frontoian, herritarrek euren produktuak, nekazaritza tresnak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratuko dituzte. Bertze aldi batez, gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte.

 

Arratsaldean, berriz,  17:00etan, Ameli ipuin-kontalaria eskolako gimnasioan ariko da eta ondotik, Guraso Elkarteak berendua emanen die neska-mutikoei.

 

Baserritarren Egunari begira oharrak

Baserritarren Egunari begira, Ekaitza Elkarteak hainbat ohar jakinarazi ditu. Gazta lehiaketari dagokionez, lehiaketako partaideek gazta bakoitzagatik 15 euro hartuko dituzte. Sariei dagokienez, lehenbiziko saria 60 eurokoa izanen da, bigarrena 40koa eta hirugarrena 20 eurokoa. Aitziber Almandoz batzordeko kideari abisatu behar zaio lehiaketan parte hartzeko.

Ahari lehiaketan, bi sari emanen dituzte: lehen saria 50 euro eta bigarren saria 25 euro. Parte-hartu nahi izanez gero, Imanol Lukanbio batzordekideari jakinarazi behar zaio.

Azienden erakusketari dagokioenez, berriz, ardiak eta ahuntzak eraman nahi badira, guttienez zazpi buruko loteak izan beharko dute eta  ekartzearen alde 40 euro emanen zaizkie artzainei. Gehienez ere, lote bat ordainduko zaio jabeari.

Aberekien kasuan, gehienez hiru buruko loteak izan beharko dute eta baserritar bakoitzari buruko hamar euro ordainduko zaizkio.

Behikietan, guttienez bi buruko loteak izanen dira eta baserritar bakoitzari buruko 15 euro ordainduko diete.

Bertzalde, urtero bezala, Ekaitza Elkartetik, bertzelako deiak ere egin dituzte. Alde batetik, jakinarazi dute bi motatako postuak izanen direla. Erakusketarako postuetako mahaiak paratzeaz elkartekoak arduratuko dira, aitzineko urteetan bezala. Salmentarako postuen kokapena, berriz, bezperan, urriaren 31n, zozketatuko dute. Zozketa publikoa izanen da eta zozketa egin ondotik, postuetako mahaiak denen artean paratuko dituzte.

Egunean bertan, frontoia 08:00etan irekiko dute eta baserritar bakoitza bere azienden erantzule izanen da.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun