Lesakako Frain inguruan, 2015eko abenduan erretako eremu batean 11.000 zuhaitz landatuko ditu Lesakako Udalak, orain arteko Oinez Basorik handienean, eta horietako bat babes daiteke 10 euroko bono-laguntzen bidez.
2015eko abenduan Frain inguruan suak kiskalitako herri lurreko 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatzeko basoberritze-plana onartu zuen Lesakako Udalak uztailean eta honela, bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan antolatutako Oinez Basoa ekimenari eta Nafarroa Oinez-i. Hortaz, lesakar guztiena izanen da Oinez Basoa. Oinez Basoa hitzarmena abuztuaren 30ean sinatu zuten Lesakako Herriko Etxean Jose Luis Etxegarai alkateak Lesakako Udalaren izenean, Amaia Lasheras presidenteak Tantirumairu Ikastolaren izenean eta Mikel Asiainek, Nafarroako Ikastolen Elkartearen izenean.
Lesakako Udalak kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuko Oihanberritzerako laguntzak izapidetzea Nafarroako Gobernuko 2017ko laguntzen deialdi publikoan. Kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda. Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa bai haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izango dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.
Tantirumairu Ikastolak, Nafarroa Oinezen antolatzailea eta Oinez Basoaren sustatzailea den aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Ekarpenaren izaera landaketa bukatu eta gero erabakiko da eta inguruneak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, baina, edozein kasutan, aurreikusten da aisialdirako, proiektuaren dibulgaziorako eta hezkuntza-jardueretarako espazio bat izanen dela. Edozein kasutan Ikastolak aldez aitzinetik adostuko du Udalarekin egin beharreko esku-hartzea. Oinez Basoaz oro har eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzea ere ikastolari dagokio. Ikastolaren baliabideen baitan, aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.