Mugalarreen hitzarmena sinatu dute urriaren 28an Lizuniagako Mahain-Harrian

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 30a, 10:39

Lehen aldiz, 'Mugadantza' dantzatu du Ainhoa Retegik, Lizuniagako Mahain-Harriaren gainean.

Berrikuntza moduan, lehen aldiz espreski prestatutako “Mugadantza” dantzatu du Ainhoa Retegik eta hemendik aitzinera, behiek ere izanen dute mugaren bi aldeetan alatzeko aukera

Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako udalek bortz urtero berritzen duten fazerien edo mugalarreen hitzarmena sinatu dute urriaren 28an  Lizuniagan, Sara eta Bera arteko 36. Mugarrian dagoen Mahain-harrian. Hitzarmen historiko honen bidez, herri hauetako lurrak, belagiak eta ura aprobetxatzeko eskubidea ematen diote elkarri, baita 2007ko hitzarmenetik, oihaneko suteetan elkar laguntzeko bitartekoak paratu ere.

 

Zenbait berrikuntza ere izan du aurtengo hitzarmenak. Orain arte, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea zuten bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Urriaren 28tik aitzinera, behi aziendak mugatik alde batetik bertzera ibiltzea ere onartzen da. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Bertzetik, abeltzainek ardura zibileko asegurua izan beharko dute aziendek eragindako istripuez babesteko.

2007an, larreak erretzen gertatzen ahal diren suteetan abisua ematea eta elkar laguntzea sartu zuten hitzamenean.

Ospakizun ekitaldiak ere izan du berrikuntzarik. Alkate Soinua jo dute txistulariek eta Aurreskua dantzatu dute Izaskun Zubieta eta Iñaki Eskudero Gure Txokoako dantzariek. Hitzarmenaren testua irakurri ondotik sinatu egin dute Bera, Etxalar, Azkain, Biriatu, Sara eta Urruñako alkateek. Ondotik, aurtengo berrikuntza, Mugadantza dantzatu du Ainhoa Retegi dantzariak, Mahain-Harriaren gainean, Gaizka Sarasolak txirula eta ttunttuna jotzen zuen bitartean. Bereziki ekitaldi honetan egiteko sortu eta proposatutako dantza da Mugadantza, Lesakako Martxel Rodriguez dantzariak eta Gaizka Sarasola musikariak sortua, Asier Gogortzaren ideiari segituz. Ekitaldia bukatzeko, Berako adinekoen abesbatzak Agur Jaunak abestu zuten.

Larunbatean sinatutako hitzarmenak bortz urterako balioa duenez, 2022garren urtean izanen da hurrengo hitzordua Lizuniagan.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun