Euriari aurre eginez, 31. Lurraren Eguna ere arrakastatsua izan da Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urr. 23a, 08:01

Altzateko frontoian aterpea hartu zuten hainbat eskulangilek eta ikuslek.

Lesakako Arteneko Jaxinto Otxotekok irabazi zuen gazta lehiaketa eta Berako Leku-Ederreko Guillermo Perugorriak sagardoarena 

Tarteka bota zuen euriari aurre eginez jendetza bildu zen urriaren 22an Beran, Gure Txokoak hogeita hamekagarren aldiz antolatutako Lurraren Egunean. Ehun eskulangile baino gehiagoren eta 40 elikadura produktuen postu baino gehiago hedatu ziren Altzateko karrikan, Altzateko Plazan, Altzateko frontoian eta besta egun honetan gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari den Illekuetako zubiko bertze aldean ere, Merkatuko Plazan. 

 

31. Gazta lehiaketako eta 20. Sagardo lehiaketako epaimahaiak ere lanean aritu ziren, azken hauek Karnesenean, Altzateko etxe historikoan.

Gazta lehiaketan hamahiru ale aurkeztu ziren eta horien artean, Lesakako Arteneko Jaxinto Otxotekok eraman zuen 220 euroko lehen saria eta Berako Bimitxeneko  Eider Pikabeak bigarrena, 100 eurokoa. Biak ere lehen aldia dute ohorezko postu horietan. Azken urteetan ohiko garailea izan den Garmendiko bordako Sokorro Almandozek epaimahaiaren aipamena jaso zuen.

Sagardo lehiaketara, berriz, 14 botil sagardo aurkeztu ziren eta horien artean, Berako Leku-Ederreko Guillermo Perugorriak aurkeztutakoak eskuratu zuen 200 euroko lehen saria. Berako Maleteneko Alejandro Altzugurenek 75 euroko bigarren saria eraman zuen.

Egun osoan, besta giroa bizitu zen Beran eta horretan lagundu zuen musika eskolako trikitixa taldeak, musika bandak, txistulari eta txalapartari taldeek eta musika eskolako talde zeltiarrak. Ikastetxe ezberdinetako ikasleek ere, bere produktuak eta zozketak salgai paratu zituzten, gehienek ikasbidaiak ordaintzeko. Lurraren Eguneko lantaldeak taloak prestatu zituen.

 

Rosa Errandonea omendua

Ikastolako aretoan, Rosa Errandoneak paratutako argazki erakusketa ikusgai izan zen, asteburu osoan. Aipatzekoa da Errandoneak 1995ean lehen erakusketa paratu zuenetik 4.000 argazki eta prentsa errekorte plazaratu dituela eta hortaz, seguruenik heldu den urtekoa izanen omen da azken erakusketa. Larunbatean, Gure Txokoa elkarteak lore-xorta eta txapela eman zizkion Rosa Errandoneari, lan hau omenduz eta Berako Udalak, Errandoneatarren lana biltzen duen CD bat.

Bezperan, hamekagarren barazkiopil lehiaketa ere egin zen. Hameka koadrilen artean, Irene Matxiarena, Itsaso Berroeta eta Mari Karmen Urtxegik osatutako taldeak lortu zuten lehen saria, 100 euro eta kaja bat ardo. Bigarren saria, kaja bat ardo, Zinaurriak I taldeak eskuratu zuen.

Goizean, Jakoba Errekondok solasaldia eskaini zuen Beralandetan, bidenabarkoan, bere azken liburua aurkeztuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun