Larunbatean, berriz, 11:30ean, Jakoba Errekondok Landareak lantzen bere azken liburua aurkeztuko du Beralandetan. 15:30ean, ttikien lasterketa abiatuko da Iamoteneatik, eta 17:00etan, berriz, Lizuniagako igoera. 18:30ean argazki erakusketa zabalduko dute Labiaga Ikastolan (txotxongilo tailerra ere izanen da) eta ordu erdi beranduago, XI. Barazki-opil lehiaketa hasiko da Altzateko frontoian. 100 euroko saria izanen du irabazleak. 20:00etan Bera kantari eta trikitilariak ibiliko dira.
Aipatzekoa da Kataku Ostatuan ere Lurraren Gaua ospatuko dutela larunbat arratseko 10:30etik aitzinera. Velozet taldea eta etxeko DJak ariko dira kantari.
XXXI. Lurraren Eguna
Aurten 31. edizioa beteko duen Lurraren Egunarekin borobilduko dute asteburua. 10:00etan, eskulangileen eta elikadura azoka, barazkien eta Olakoren erakusketak eta tailerrak irekiko dituzte Altzaten. Horrez gain, Bortzirietako 31. gasna lehiaketa eta 20. sagardo lehiaketa ere eginen dituzte igandean. Bi lehiaketetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizlea izan behar da. Gazta lehiaketa irabazten duenak 300 euroko saria eta oroigarri bat eramanen ditu eta bigarrenak 100 euroko saria. Sagardo lehiaketako irabazleak, berriz, 200 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak 75 euro. Musikarik ere ez da faltako, ez Altzateko plazan eta ez karriketan ere.
Arratsaldean, Kuxkuxtu txaranga ibiliko da. 17:00etan, Altzateko plazan, Nafarroako Arpana Txapelketa Mistoa eta harrijasotze erakustaldia jokatuko dituzte. 18:00etan bertsolariek zuzenduko dute sari banaketa eta ondotik, dantzaldia izanen da Oharkabe taldearekin.