3 kilometro eta erdiko ibilbidean jendetza ibili da, eta baita ikuskizunetarako prestatutako lau guneetan ere. Aste osoko eguraldi eguzkitsuari igandeko haizego epelak eman dio segida. Eguraldi paregabea, beraz, paseoan ibiltzeko, eta ikuskizunetan parte hartzeko. Hainbertzeko jende oldea izanik, eguerdi partean ilarak sortu dira herritik kanpoko aparkalekuetatik zirkuitora eramaten zuten autobusak hartzeko. Nafarroa Oinezek barkamena eskatu nahi die esperoan egon behar izan dutenei eta aldi berean eskerrak eman erakutsi duten pazientziagatik.
Arrakastatsua izan da, baita ere, Nafarroako ikastoletako ikasleek jokatu duten Erronka. Urtetik urtera indarra hartzen ari den jarduera da eta gero eta ikusle gehiago biltzen duena. Lehenbiziko saria Zangotzako ikastolak eskuratu du (1.000 euro ikastolarako materialean); San Fermin A ikastola izan da bigarren (600 euro) eta San Fermin B hirugarren (400 euro). Rural Kutxak sustatutako bideo lehiaketan Altsasuko Iñigo Haritzak eskuratu du lehen saria (600 euro), Baztan Ikastolak bigarrena (400 euro) eta San Fermin Ak hirugarrena (200 euro).
Oraindik egunean bildutako dirua zenbatzea, eta atera beharreko kontu ekonomikoak egin gabe dauden arren, antolatzaileek lortu den arrakasta azpimarratu dute, bai inguratu den jendetzarengatik, eta baita besta eguna normaltasunez igaro delako ere.
Modu berean, Tantirumairu ikastolako antolatzaileek, eskerrak eman dizkiete Lesakara hurbildu diren pertsona guztiei, elkarrekin euskarari eta ikastolari bultzada emateagatik. Eta bereziki eskerrak eman dizkiete Lesakara lanera eta Nafarroa Oinez arrakastatsua izan dadin laguntzera joan diren ehunka boluntarioei.
Hasiera ekitaldia
Estitxu Fernandez aurkezle eta Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak gidatu duen ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan da. Nafarroa Oinezeko kantuaren, bideo-kliparen eta urte osoan gauzatu den jarduera egitarauaren zutabe izan den tobera protagonista bilakatu da oraingoan ere, Arritxu eta Iratxe Muxikaren eskutik. Era berean, Mari Karmen Ubiria eta Arantxa Errandonea ikastolako ikasleen ama eta amatxiek intxaurrondo bat landatu dute, aurtengo Nafarroa Oinezen logoari bi hosto utzi dizkion eta ikastolaren 43 urteko historiaren lekuko izan denaren ondoan. Plazara Dantzara kantuaren doinupean, antzerkitto bat egin dute ikastolako 5. eta 6. mailako ikasleek. Bi neskatok ureztatu dute intxaurrondo berria txistulariek Tantirumairu doinua jotzen zuten bitartean, etorkizunean ere Tantirumairu ikastolak itzala izan dezan. Hasierako ekitadian politika mailako ordezkaritza zabala izan da, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea eta Manu Aierdi presidente ordea buru zuela. Beraiekin batera, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, UPN, EAJ-PNV, EA eta EKAko ordezkaritza zabala izan da.
12 familia omenduak
Euskal Herri kanpotik Lesakara etorri eta beraien seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omendu ditu aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinezen. Esker ona adierazi nahi izan diete eguerdian Harriondoa Kultur Etxean egin den ekitaldian. Horretaz gain, IKA euskaltegi sarea ere omendu nahi izan du NIEk eta Txikiak Handi manifestuaren sinadura ekitaldia ere egin dute.
Estitxu Fernandez Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak, Andoni Oilokiegi kitarra jolearekin batera aurkeztu duen ekitaldian, lehenik eta behin Txikiak Handi manifestua sinatu dute Aran bailaratik etorri diren kideek. Izan ere, Nafarroa Oinezen Txikiak Handi ekimenak aurten Araneko Les herriko Alejandro Casona ikastetxearekin eraiki du zubietako bat eta araneraren eta euren kulturaren aldarrian sinatu dute Lesakan hitzarmena. Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen ekimenaren garrantzia azpimarratu du Lesakako Nafarroa Oinezen proiektua bultzatu duten Maddi Tabernak, Jose Emilio Txoperenak eta Markel Maiak. Nafarroa Oinez besta bidelagun, euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea lortzeko ahaleginean jasotzen ari diren fruituez ere mintzatu dira.
Egindako lan hori guztia eskertzeko hartu dute ondotik hitza Kataluniako Vall D’Aranetik Nafarroa Oinezera etorritako aranerako bi hiztunek, Rosa Aragonés eta Maria Puyolek. Araneraz gain, Venezuelako Orinoco ibaiaren arroko makiritare hizkuntza ezagutzeko elkarlana ere egin du aurten Nafarroa Oinezek. Horretaz gain, irailean Irlandarrak izan ziren bisitan, eta irlandera edo Irlandako gaelikoaren egoera hurbilagotik ezagutzeko aukera izateaz gain, Txikiak Handi manifestua sinatu zuten orduan.
Ondotik, omenaldien txanda etorri da. Zehazki Tantirumairu ikastolan seme-alabak matrikulatu zituzten eta omenaldia jaso duten hamabi familia horiek komunean duten ezaugarria hauxe da: bertako ikasle izan direnen eta direnen gurasoak Euskal Herritik kanpokoak izatea, bai ama baita aita ere. Oilokiegi kitarra joleak ‘Aceituneros de Jaén’ jo, eta Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea bertsolariek burdinaren, fabrikaren eta etorritako familien inguruko solasak hedatzen zituzten bitartean igo dira hauek oholtzara.
Honela, Garrido Fuentes (Andaluzia, Katalunia), Garcia Terán (Leon), Hidalgo Hidalgo (Avila), Linares Vaquero (Salamanca, Palentzia), Terreros Lavín (Errioxa, Kantabria), Da Costa Silva (Brasil), Asto Huaman (Peru), Cabezas Tojo (Andaluzia), Ruiz Ramirez (Andaluzia), Machado De Souza (Uruguai), Ruiz Carmona (Andaluzia) eta Marton (Errumania) familiek jaso dute aurtengo Nafarroa Oinezen logotipoa irudikatzen zuen oroigarria.
Belinda Linares Vaquero ikasle ohiak solastu du familia horien guzien izenean. Eskerrak eman nahi izan dizkie gurasoei «ikastolan matrikulatzeko apustu hori egiteagatik, eta euskaldun izateko aukera emateagatik».
Gainera, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eskutik, IKA euskaltegi sareak ere jaso du bigarren omenaldia euskalduntzean egindako lana txalotzeko. Horretarako, IKAko kide eta euskaltzale sutsua den Sagrario Aleman izan dugu omenaldian. Harekin batera Bortzirietako IKAko bi kide izan dira, Beñardo Goietxe eta Monika Agirre; izan ere, urteak daramatzate gure eskualdean euskara sustatzen.
Sagrario Alemanek ere esker oneko solasak izan ditu bortziritarrentzat eta lesakarrentzat, «IKArekin erakutsi duten eskuzabaltasunarengatik eta proiektuari emandako babesarengatik. Lesaka euskararen arnasgune bat da eta guretzat ere halaxe da. Ikastolak haurrentzako eta guk helduentzako, bikin bat egiten dugu euskararen normalizazioaren bidean».
Heldu den urteko Nafarroa Oinez besta antolatuko duen Altsasuko Iñigo Aritza ikastolari lekukoa emateko ordua ailegatu da ekitaldiaren hondar minutuetan. Estitxu Fernandezek eta Iñigo Olaetxeak, Sakanakoei ohore eginez Ama Erkudengoko doinuan bertsoak kantatu dituzte eta Nafarroa Oinezen lekukoa eman diote lehenik Amaia Lasheras eta Aitor Iratzokik Mikel Asiain eta Josu Reparaz NIEko ordezkariei eta hauek, segidan, Altsasuko ikastolako ordezkariei, Ibai Iriarte zuzendariari eta Eneida Carreño presidenteari. Aipatzekoa da Lesakatik Altsasurako bidea, lekukoarekin oinez mendiz mendi egiteko asmoa dutela datozen asteetan Iñigo Aritza ikastolakoek.
Bukatu da Nafarroa Oinez 2017, eta hasi dira Altsasun heldu den urtekoa prestatzen. Horretarako lekuko Lesakatik Altsasura oinez eramateko asmoa dute datozen asteetan Iñigo Aritza ikastolakoek.