Eraikin berri baten premian
1974an zabaldu zituen ateak Lesakako Tantirumairu Ikastolak 7 ikaslerekin. Ez zuten ez leku ez baliabide egokirik ere, baina gurasoen eta irakaslegoaren bultzadarekin aitzinera jarraitu zuten. 1988an Nafarroa Oinez egin zen herrian lehenengo aldiz eta Otxogorrienea izeneko etxea moldatu ahal izan zen. Egungo 101 ikasleentzat, ordea, eskas gelditu da eta eraikin berri baten premian bigarrenez Nafarroa Oinez antolatzea erabaki du Tantirumairu Ikastolak. Egungo eraikinak ez baitu zabalkuntzarik onartzen.
Hain zuzen ere, hauek dira egungo behar zehatzak: Jangela handiagoa behar da erosotasunez ikasle guziei bazkaria eman ahal izateko; laborategi bat; hezkuntza premiak dituzten haurrekin lan bereziak egiteko gela; talde bikoiztuak banatzeko gelak; eta bulegoak (xehetasunak dosierrean).
Baliabide horiekin ikaslea erdigunean kokatzen duen pedagogia berritzailearekin jarraitzeko bidea izanen luke ikastolak, eta batez ere, euskal kulturaren transmisioa gauzatzen segitu ahal izanen luke, Lesakako Nafarroa Oinezen asmoa horixe baita: Euskararen presentzia eta garrantzia aldarrikatzea Nafarroa osoan; Tantirumairu ikastolan auzolanean lanean segitzea, belaunaldiz belaunaldi gure hezkuntza proiektu propioa garatzeko Euskal Herriko gainontzeko ikastolekin batera; eta Lesakar eta Bortziritar guztiak euskara eta euskal kulturaren inguruan batzea.
Horregatik, bisitariari ere auzolanean aritzeko deia luzatu nahi dio Tantirumairu Ikastolak. Bestan ere laguntzeko jendea behar baitu Nafarroa Oinezek, eta izena eman ahal izateko webgunean atal berezia du zabalik: lagundu nahi?
Kanpoko gurasoei eta IKAri omenaldia
Euskal Herri kanpotik Lesakara etorri eta euren seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten 12 familia omenduko ditu aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolak Nafarroa Oinezen. Esker ona adierazi nahi die eguerdian Harriondoa Kultur Etxean eginen den ekitaldian.
Gainera, NIEK hala erabakita, IKA euskaltegi sareak ere jasoko du bigarren omenaldia euskalduntzean egindako lana txalotzeko. Horretarako, IKA ko kide eta euskaltzale sutsua den Sagrario Aleman izanen dugu omenaldian. Harekin batera Bortzirietako IKAko bi kide izanen dira; izan ere, urteak daramatzate gure eskualdean euskara sustatzen.
Ekitaldi horretan ere Txikiak Handi manifestua sinatuko dute Aran bailaratik etorriko diren kideek. Izan ere, Nafarroa Oinezen Txikiak Handi ekimenak aurten Araneko Alejandro Casona ikastetxearekin eraiki du zubietako bat eta araneraren eta euren kulturaren aldarrian sinatuko dute Lesakan hitzarmena. Alide Sans eta Paulin Courtial Araneko musikariek ere emanaldia eskainiko dute Lesakan.
Musika nonahi eta zeliakoentzako eskaintza berezia
Goizeko hamarretan eginen du eztanda Nafarroa Oinezek. Ikastolan eginen da irekiera ofiziala 100 lagun eta ordezkarirekin eta guneetan programazioa martxan paratuko da. Urte guzian zehar memoria eta sormena landu dugunez, besta egunean ere ardatz izanen da hori. Errate baterako, Oreka Tx eta Brun burdinola taldeak izanen ditugu gure artean, toberak eta burnia izan direlako Lesakako Nafarroa Oinezen urte osoko ikur.
Musika eskaintza, baina, ugaria bezain anitza izanen da. Gure eskualdeko taldeek ezin zuten huts egin: Petti, Borrokan eta Kalera taldeak izanen ditugu. Eta horiekin batera aski izen ezagunak: ISEO&Dodosound, Bad Sound System, Xutik, Oihan Vega, Gabenara, Trikidantz…
Musikarekin batera badira bertze hainbertze ekimen. Bertso saioak, haurrentzako emanaldi ugari, Larraindantza, herri kirolak, zumba, Erronka (egunean propio jokatzen den ikastolen arteko lehia)... Adin orotarako moduko programazioa. Guzia, gainera, mugikorrean kontsultatzeko moduan, Euskaltelek eskainiko baitu debaldeko programazioaren app-a.
Aipatu ere aurten lehen aldiz zeliakoentzako janaria eskainiko duela Nafarroa Oinezek 2. gunean. Postu berezia kokatuko da talogileekin batera eta zeliakoentzako egokia den janaria prestatuko dute.
Gainera, zigarroen puntak botatzeko zakarrontzi bereziak egonen dira guneetan, eta bidean zehar eta erretzaileei bertan botatzeko eskaera egin nahi zaie.
Lehen aldiz Lila Puntua ere izanen du Nafarroa Oinezek. Genero eraso nahiz bertzelako generoari lotutako arazoei behar bezalako erantzuna emateko gunea da. Horrelako gertakarien aitzinean, berehalako erantzuna ematea hagitz garrantzitsua da, eta lila puntuak horretan lagun dezakeela sinesten dute antolatzaileek. Bidenabar, bertze behin ere oroitaraziz: ez beti ez dela. Baita Nafarroa Oinezen ere.
Trafikoa plan berezia
Lesaka bailara estu batean dago kokatuta. Horregatik, espazio eskasia kontutan izanik, garraio publikoa erabiltzearen aldeko deia luzatu nahi du Tantirumairu Ikastolak.
Dena den, urtero bezala aparkalekuak egokituko ditu ikastolak herri kanpoaldean eta ondoko herrietan. Horietatik ibilbidera joan ahal izateko autobusak ere paratuko ditu. Beraz, nahiz eta ibilbidetik urruti aparkatu, bisitariak ez du inolako arazorik izanen besta gunera hurbiltzeko.
Gainera, furgonetentzako eta autokarabanentzako aparkaleku bereziak atonduko ditu ikastolak herrian bertan. 4X4ko kotxeentzako aparkalekuak ere egokituko dira.
Bizikletaz ere etorri nahi dutenek aukera: Harriondoa Kultur Etxearen ondoan bizikletentzako gunea paratuko baita eta hor utzi ahal izanen dituzte.