Margolarien lana agerian paratu eta artea herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin antolatu du Gure Txokoa elkarteak, Udalaren babesarekin XIII. Berako pintura-lehiaketa aire zabalean. 16 urtetik goitiko edozeinek parte hartu ahal izanen du, beratarrak nahiz kanpokoak, eta izena emateko egun berean joan beharko da Gure Txokoa elkartearen Iamoteneako egoitzara goizeko 9etatik aitzinera. Euskarria zigilatu eginen zaie partaideei, eta ondotik, lanak arratsaldeko 2:30erako aurkeztu beharko dira. Parte-hartzaileei bazkaria emanen zaie Gure Txokoan bertan.
Edozein teknika erabili ahal izanen da, baina margolanaren euskarriak ez du aitzinetik manipulatua egon behar, erabat zuria egon behar du. Euskarriaren neurria librea izanen bada ere, alde bakoitzetik gehienez ere 100 cm eduki ahal izanen ditu.
Hiru sari emanen dira, 1.000 eurokoa, lehenbizikoa; 600 eurokoa, bigarrena eta 400 eurokoa, hirugarrena. Lan irabazleak Gure Txokoa elkartearen eta lehiaketaren babesle den Berako Udalaren esku geldituko dira, eta gainerakoak egun berean edo ondorengo 15 egunetan jaso daitezke, jasotzeko eguna eta ordua zehazteko aitzinetik abisua emanda Luperi (647 840482 telefonoa) edo Juan Carlos-i (616 240144). Antolakuntzak izendatutako epaimahai batek emanen ditu irabazleen izenak, eta sari ematea lehiaketaren egun berean eginen da, arratsaldeko 6:30ean. Aitzinetik, 17:00etatik 18:30era ikusgai izanen dira Iamotenean.
Sarituak ez diren margolanak erosteko aukera egonen da, egilearekin adostutako prezioan. Saritutako lanak Altzateko komertzioetako erakusleihoetan paratuko dira ikusgai.