Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Giro bikaina izan da Lesakan Nafarroa Oinezen ‘Dena ez dela lana beti’ ospakizunean

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 25a, 11:52

Brun anaien arotz lanetan lagundu zuten lesakarrek ere. Argazkia: Nafarroa Oinez

Ortzirale honetan, Euskaltzaindiako kideek bixitatuko dute Lesaka 

Giro bikaina izan da 'Dena ez dela lana beti' egunean Lesakan. Txistularien eta soinularien kalejira, Brun anaien eta Pedro Lanzen Burdinaren erakusketa, toka eta igel txapelketak eta tobera joaldia, sei bikoterekin izan ziren larunbat goizean. Txikiak Handi bideoa ikusi eta manifestua irakurri eta sinatzeko aukera ere izan zen. Arratsaldean, berriz, Emarriko nesken giza-proba ikusgarria, dantzaldia Gabenara taldearekin, paella-jatea, bingoa, eta kontzertuak Afu, Autobus Magikoa eta Kalera taldeekin. 

 

Euskaltzaindiaren bisita irailaren 29an

Urriaren 15eko Nafarroa Oinez egun handiaren aitzinetik Euskaltzaindiaren bisita ere izanen dute Lesakako Udaletxean eta Tantirumairu ikastolan irailaren 29an. Ohitura ere bihurtu da dagoeneko. Nafarroa Oinez besta ospatzen den herrira egiten du urtero bisita Euskaltzaindiak. Eta aurten, beraz, Lesakan dute hitzordua ortziralean. Izan ere, bisita honekin aitortza bikoitza egitea da intentzioa: alde batetik, Euskaltzaindiak bere babesa erakutsiko dio Lesakako herriari eta Nafarroa Oinezi, eta bertzetik, Lesakak eta Nafarroa Oinezek akademiaren lanari aitortza eta esker ona adieraziko dio.

Horretarako, Euskaltzaindiako ordezkariei harrera eginen zaie goizean Lesakako Herriko Etxean. Bi erakundeen agur hitzen ondotik, euskaltzainek zuzendaritza batzordea eginen dute bertan. Bukatu bezain abudo, Tantirumairu ikastolara joanen dira. Ikasleek euskaltzainekin solasteko aukera izanen dute, eta irakasleekin prestatutako galderak eginen dizkiete. Hori guztiari amaiera emateko, bazkaria eta Lesakatik bisita gidatua eginen dute euskaltzainek.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun