Besta aitzineko asteburu mugitua izan dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 25a, 11:14

Gazta lehiaketako saridunak, epaimahaikideekin batera.

Hamar gazta aurkeztu ziren lehiaketara eta Argaratebereko Mari Jose Lizardi suertatu da garaile

Aurten ez da Artzain Zakur lehiaketarrik egin Igantziko besten aitzineko asteburuan, baina halere ekitaldiz betea joan da. Igande eguerdian, XII. Gazta lehiaketa egin zen, Igantziko Biltokik antolatua. Hamar gazta aurkeztu ziren eta horien artean, Argaratebereko Mari Jose Lizardi suertatu zen garaile,  Goiz-Argiko Amalia Seinek lortu zuen bigarren saria eta Txori-Tokiko Juxta Seinek hirugarrena.

Gazta lehiaketaz gain, ardo dastaketa ere egin zuten.

Aitzinetik, ortziralean Txipitinea ostatu berritua (garai bateko estankoa) inauguratu zuten eta jende andana bildu zen ospakizunean.

Larunbat goizean, plater tiroketa izan zen Ziobin. Larunbat eguerdian, berriz, herriko pilota goxo txapelketako azken partidak jokatu zituzten. Hirugarren posturako lehian, Lander Etxenikek eta Joseba Aldabek irabazi zieten Patxi Loiarte aitari eta Andoni Etxenikeri. Final nagusian, berriz, Unai Telletxea eta Patxi Loiarte semea suertatu ziren txapeldun, Eneko Telletxea eta Joseba Bertiz-i irabazita.

 

Dantza saioa, dantza taldearen 25. Urteurrenean

Larunbat lunabarrean herriko dantza taldearen emanaldia izan zen. Urtero bezala, emanaldi bikaina izan zen, ia 100 dantzari bildu baitziren. Aurtengoa dantza taldearen 25. urteurrena da, eta haiek botako dute San Migel bezperako altxaferoa.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun