Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

'Dena ez delako lana beti' besta eginen du Nafarroa Oinezek larunbat honetan Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 21a, 08:58

Pedro Lanz arotzak parte hartuko du plazan eginen den burdinaren erakusketan.

Egun osoko ospakizuna prestatu du Tantirumairu ikastolak urriaren 15eko Nafarroa Oinezen atariko

Hilabete eskas falta da urriaren 15ean Lesakako ‘Bikin bat in’ Nafarroa Oinez egun handia ospatzeko eta, urte osoan egindako jarduera programa biribiltzeko, egun osoko ospakizuna antolatu du Tantirumairu ikastolak irailaren 23rako, ‘Dena ez delako lana beti’ goiburupean. Besta egun honekin emanen zaio akabaila urte osoan gauzatu den jarduera egitarauari eta Nafarroa Oinezen alde lanean aritu diren, ari diren eta ariko direnei eskerrak emateko ospakizuna izanen da. Baita bidenabar Nafarroa Oinez egunari begira indar berritzeko ere.

 

Irailak 23: Egun osoko besta

Larunbat goizeko 10:30ean Lesakako txistulari eta soinulariak ibiliko dira karrikaz karrika. Ordu erdiren buruan Burdinaren erakusketa eginen da, Brun burdinola eta herriko Pedro Lantz arotzaren eskutik plazan, eta Txikiak Handi erakusketa zabalduko da udaletxeko arkupeetan. Izan ere, Nafarroa Oinezeko Txikiak Handi egitasmoak Lleida (Herrialde Katalanak) eta Venezuela aldera egin du aurten salto eta Aranera eta Makiritate hizkuntzak izanen dira aurten egitasmoko protagonistak. Biak ere galtzeko arriskuan daudenak, Unescoren arabera. Hizkuntza komunitate horietako ordezkari bana etorriko dira urriaren 15ean, Lesakako Nafarroa Oinez egunean, Txikiak Handi manifestua sinatzera. Horren atariko zabalduko da erakusketa, beraz. Goizari azken musika doinuak paratzeko, 13:00etan toberak aditzeko aukera izanen da. Aurtengo Nafarroa Oinezeko kantuan eta bideoklipan ageri den musika-tresna baita tobera eta jarduera egitarauaren gidari ere izan da.

17:00etan Emarri giza proba taldeak erakustaldia eskainiko du plazan eta gero, nahi duenak proba egiteko modua izanen du. 18:00etan dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin eta gero berendu afaria (paella jatea), arratsaldeko 8:30etik aitzinera. Helduek 5 euro ordaindu beharko dute eta 12 urtez beheitiko haurrek 3 euro. 23:00etan kontzertuak izanen dira plazan Kalera, Autobus Magikoa eta Afu taldeekin.

 

Irailak 29: Euskaltzaindia Lesakan

Ohitura ere bihurtu da dagoeneko. Nafarroa Oinez besta ospatzen den herrira egiten du urtero bisita Euskaltzaindiak. Eta aurten, beraz, Lesakan dute hitzordua irailaren 29an. Izan ere, bisita honekin aitortza bikoitza egitea da intentzioa: alde batetik, Euskaltzaindiak bere babesa erakutsiko dio Lesakako herriari eta Nafarroa Oinezi, eta bertzetik, Lesakak eta Nafarroa Oinezek akademiaren lanari aitortza eta esker ona adieraziko dio.

Horretarako, Euskaltzaindiako ordezkariei harrera eginen zaie goizean Lesakako Herriko Etxean. Bi erakundeen agur hitzen ondotik, euskaltzainek zuzendaritza batzordea eginen dute bertan. Amaitu bezain laster, Tantirumairu ikastolara joanen dira. Ikasleek euskaltzainekin solasteko aukera izanen dute, eta irakasleekin prestatutako galderak eginen dizkiete. Hori guztiari amaiera emateko, bazkaria eta Lesakatik bisita gidatua eginen dute euskaltzainek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun