Mentxu Peñarekin batera, Bortzirietako bertze udal ordezkariak izan dira Berako aurkezpenean: Josu Iratzoki Berako alkatea, Miguel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Juankar Unanua eta Xabier Sarasola, Igantziko alkatea eta zinegotzia eta Lorea Flores, Lesakako zinegotzia. Beñardo Goietxe Bortzirietako euskaltegiko irakaslea eta Iñaki Olaizola eta Nuria Cano ikasleak ere izan dira agerraldian.
Iaz bezala, aurten ere Bortzirietan herritar orok euskara debalde ikasteko aukera duela azpimarratu du Euskara Mankomunitateko presidenteak: «Bertan erroldatutako herritarrei ikastaro osoa finantzatzen die euskara mankomunitateak, gutxieneko parte hartzea egiaztatuz gero». Gainera, eskaintzak ez du Bortzirietako euskaltegirako bakarrik balio, «Bortzirietan erroldatutakoek, Euskal Herriko edozein euskaltegitan doan ikasteko aukera izanen dute».
Euskal Herriko zenbait herritan abian dira antzeko diru laguntza sistemak, ez ordea Nafarroan. «Hiztun berriak erakartzea eta helduei euskara lantzeko aukera ematea gure lehentasuna da, horretaz aspaldi gara jakitun. Horregatik, bereziki dei egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari doakotasunaren bidean urratsak eman ditzan», adierazi du Euskara Mankomunitateko presidenteak.
45etik 71 ikaslera pasatu ziren iaz
Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunen ustez harrera ona izan du ekimenak: «euskara debalde ikasteko aukerak jende gehiago erakarri du euskaltegira, eta ikasleen parte hartzea eta aprobetxamendua hagitz txukunak izan dira. 45etik 71ra igo da ikasle kopurua urte batetik bertzera, eta euskara ikasten hasteko behe urratsetik 20 ikasle berri izan dugu. Espero dugu aurtengo ikasturtean iazko taldeak mantentzea eta berriren bat sortzea».
Euskaltegian izena emateko mezua zabaltzeko bi bideo prestatu dituzte eta kanpainak badu irudi berria, alaia eta baikorra. Lehendabiziko bideoa hilabete hasieran hedatu zuten sare sozialen bidez, eta bigarrena astearte goizean bertan aurkeztu dute. Bideoak Berako Katubi komunikazio enpresak prestatu ditu, eta irakasle eta ikasleek bertan parte hartu dute.
Euskara musu-truk, Bortzirietan euskara ikastea debalde delako. Eta sólo te costará un beso, euskarazko erramoldea gaztelaniara itzulita umorearekin erakarri nahi izan dituztelako erdaldunak. Euskara ikastea doakoa izanen dela azpimarratzeaz bat, honako mezu hau zabaldu nahi izan dugu: euskara ikasteak ez duela preziorik, mundu oso bat irabazten baita.
Bertso-triki-pintxo-poteoa ortziralean
Euskaltegiko matrikulazio kanpaina girotzeko bi ekitaldi antolatu ditu Euskara Mankomunitateak euskaltegiarekin batera, Beñardo Goietxe euskaltegiko irakasleak jakinarazi duenez. Joan den ortziralean Lesakako Herriko Etxeko arkupetan Aire ahizpek kantaldi arrakastatsua eskaini zuten. Irailaren 22an, ortzirale, 19:00etan Berako Beralandetatik abiatuta bertso-triki-pintxo-poteoa eginen dute. Eneko Fernandez eta Iban Garro ariko dira bertsotan eta soinu eta panderoarekin Aritz eta Aitziber.
Matrikulazioa irailaren 29ra arte zabalik
Izena emateko epea irailaren 1etik 29ra irekita dago. Matrikulazioa eta finantzaketaren gaineko informazioa eskuratu nahi duenak, Bortzirietako Euskaltegira deitu (948 637796) edo Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen web orrian (www.bortziriak.eus) lor dezake.
Diru-laguntzak jaso ahal izateko honako baldintza hauek bete beharko dira: Bortzirietan erroldatua egotea, asistentzia %85etik goitikoa izatea eta ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatzea.
Matrikularen gastu osoa ordainduko zaie baldintza hauek betetzen dituztenei (gehienez 380 euro). Laguntzak jasotzeko urriaren 13a baino lehen beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute: Eskaera orria behar bezala beteta, NAN fotokopia, Euskaltegiko izen-emate orria eta konpromiso idatzia. Urrian matrikula gastu osoa baino 100 euro gutxiago (280 euro gehienez) jasoko du ikasleak bere kontuan eta euskaltegiari matrikula osoa ordaindu beharko dio. Uztailean, baldintzak betez gero, 100 euro ordainduko zaizkio. Baldintzak betetzen ez dituenak ez du jasoko diru laguntza osoa. Honela, %50 eta %85 bitarteko asistentzia duenak uztaileko ordainketarik ez du jasoko eta asistentzia %50tik behera duenak Mankomunitatearen diru laguntza itzuli beharko du.