2015eko abenduan Frain inguruan suak kiskalitako herri lurreko 10 Hektareatan 11.000 zuhaitz landatzeko basoberritze-plana onartu zuen Lesakako Udalak uztailean eta honela, bere ekarpena egin nahi dio orain dela zazpi urte Nafarroa Oinezen baitan antolatutako Oinez Basoa ekimenari eta urriaren 15ean ospatuko den Nafarroa Oinez-i. Halaxe hitzartu zuten asteazken honetan, abuztuak 30, Lesakako Herriko Etxean Jose Luis Etxegarai alkateak Lesakako Udalaren izenean, Amaia Lasheras presidenteak Tantirumairu Ikastolaren izenean eta Mikel Asiainek Nafarroako Ikastolen Elkartearen izenean.
Lesakako Udalak kudeatuko ditu Nafarroako Gobernuko Oihanberritzerako laguntzak izapidetzea Nafarroako Gobernuko 2017ko laguntzen deialdi publikoan. Kalkulatzen da 11.000 zuhaitz landatuko direla, orain arteko Oinez Basorik handienean, honako espezie honetakoak: bertako haritza, gerezi, lizarra, astigarra, urkia, Atlas zedroa eta pinus taeda. Udalak hartuko ditu bere gain bai landaketa bai haren arrakasta ziurtatzeko mantentze-lanak, eta, Nafarroako Gobernuko deialdiko eskakizunak beteta gauzatuko ditu. Lurrak nahiz baso berriak Lesakako Udalarenak izaten jarraituko dute, baina Tantirumairu Ikastolak eta Ikastolen Elkarteak (NIE) basoa erabili ahal izanen dute helburu didaktiko eta dibulgaziozkoekin, horretarako Oinez Basoaren Sarean sartuta.
Tantirumairu Ikastolak, bere aldetik, Oinez Basoan ekarpen bat egiteko konpromisoa hartu du. Baina landaketa egin ondotik erabakiko da zer egin, eta beti ere, egin beharrekoa Udalarekin adostuta. Oinez Basoaz eta bertako proiektuaren gaineko informazioa emanen duen interpretazio-kartela sortu eta inguruan kokatzeaz ikastola arduratuko da eta aisialdirako jarduerak diseinatu eta burutu eta basoaren hazieraren jarraipena ere eginen du.
Zazpigarren Oinez Basoa
Tantirumairu Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortuko duen zazpigarren basoa izanen da, 2010ean Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen. Tartean, 2015ean Baztanen bertako pagolizarra eta erramu portugaldarra dituen basoa landatu zuten. Denera, espezie ezberdineko 36.000 zuhaitz landatu dira dagoeneko Oinez Basoa ekimenaren baitan. Baso horien landaketaren haritik ikasgeletan ingurumenaren zaintza eta errespetua bultzatzeko unitate didaktikoak sortu dira eta, UPNArekin elkarlanean, Oinez Basoaren ekarpenak aztertzeko ikerketa lana paratu da martxan, bertze ekintza batzuen artean.