Bera inguruko zirkuituari hamar itzuli eman behar zizkioten txirrindulariek. Ez zuten igoera handirik, baina estankotik Herriko Etxerako malda llabur eta gogorra igo behar zuten. Laugarren itzulirako, hiru txirrindularik ihes egin zuten eta beraien artean jokatu zuten garaipena. Hain zuzen, bi nafarrek, Muruzabal taldeko Mikel Retegik eta Intersport taldeko Igor Arrietak (Jose Luis Arrieta txirrindulari ohiaren semea) eta Huescako Vive taldeko Pabro Castrillok osatu zuten hirukotea. Txandaka, sprint berezietako eta tarteko helmugen puntuak banatzen joan ziren eta elkarlan onean egin zuten ihesaldi osoa. Azken itzulian, erasoa jo zuen Castrillok baina ez zuen ihes egiterik izan eta azken sprintean, Retegi nagusitu zitzaion Arrietari eta segundu batera sartu zen Castrillo. Laugarren posturako, azken itzulian erasoa jo zuen Mintegik eta tropela irabazlearengatik ia 2 minutura sartu zen. Abiadura handiko proba izan zen, hiru lehenbizikoek banaz bertze orduko 40 kilometro baino gehiago egin baitzuten (40,96).
Sari banaketan, Jaione Dozagarat eta Joseba Errandonea, Gure Txokoa elkarteko presidentearekin eta txirrindularitza ataleko ordezkariarekin batera, Patxi Vila eta Jose Luis Arrieta txirrindulari ohiak eta gaur egun kirol zuzendariak direnak aritu ziren. Taldeka Irabia nagusitu zen, tarteko helmugetan Mikel Retegi eta sprint berezietan Igor Arrieta.
SAILKAPENAK
1. Mikel Retegi (Muruzabal) 1:04:26
2. Igor Arrieta (Intersport)
3. Pablo Castrillo (Vive)
4. Iker Mintegi (Albeniz)
5. Unai Aznar (Albeniz)
6. Eneko Ariztegi (Cafenasa)
7. Inhar Astiz (Irabia)
8. Urko Gorriti (Irabia)
9. David Bakaikoa (Irisarri)
10. Diego Uriarte (Muruzabal)