Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

Mendizaletasuna eta euskara uztartzen dituen Oinez Gailurra ekimena aurkeztuko dute ortziralean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 27a, 10:23

Beti Gazteko mendi taldeko mendizaleak Oinez Gailurraren ikurrarekin Pirinioetako Monte Perdidon.

Hainbat mendi kasko eta ibilbide babesteko aukera ematen du Nafarroa Oinezen egitasmo honek

Ehunka euskaltzale eta mendizalek Oinez Gailurra proiektuaz gozatzeko aukera izan dute azken hiru urteotan Zangozako Ikastolaren, Baztan Ikastolaren eta Erentzun eta Ibaialde Ikastolen ekimenari esker. Izan ere, euskara eta mendizaletasuna uztartzen dituen proiektu honekin 337 gailur eta 5 ibilbide babestu dira dagoeneko munduan barrena euskara eta ikastolen alde. 

 

Aurten Lesakako Tantirumairu Ikastolari dagokio urriaren 15ean Nafarroa Oinez antolatzea, eta horrekin lotuta, ilusio bereziz paratu du jada martxan Oinez Gailurra egitasmoaren edizio berria. Hori aurkezteko uztailaren 28an, ortziralean, arratsaldeko 7etan eginen du ikastolak aurkezpena bere Lesakako eraikinenan. Eta ondotik mendiko argazkien erakusketa eta diapositiben emanaldia eginen dute Beti Gazte elkartearen eta Nafarroako Mendi Federazioaren laguntzarekin.

 

Oinez Gailurra munduan zehar

Oinez Gailurra ekimena Nafarroan jaio bada ere, Euskal Herritik kanpoko mendi gailur anitzetara iritsi da, errate baterako, Mexikoko Citlaltépetl sumendira, Austriako Wildspitze mendira edo Greziako Olimpo mendira. Proiektuak hasieratik izan baitu euskaltzale eta mendizaleen berotasuna. 

Ekimena Zangozako guraso talde baten eskutik sortu zen. Euskara mendizaletasunarekin uztartzea otu zitzaien, gure kulturan horren erroturik dagoen mendi-ohiturarekin, alegia, eta bistan da proiektuarekin bete-betean asmatu zutela. Aunitz eta aunitz izan baitira gailurrerako bidean lagun izan direnak: batzuk proiektua garatzen lagundu dute, Juan Mari Feliu mendigoizale eta idazlea eta Gregorio Ariz mendigoizaleak, bertzeak bertze; bertze batzuk babesa eman dute, hala proiektuaren finantziazioan lagunduz, nola mendi gailur eta ibilbideak babestuz. 

Ortzilarean aurkezpena eginen bada ere, dagoeneko Oinez Gailurraren ikurra hainbat mendietan ikusi dugu dantzan. Lesaka inguruko Bianditz edo Mendaur mendietan ez ezik, Tozal de Guaran, Jurramendin, Iheltz-Fazeria-Irulegi-Lerrutz ibilbidean edo Pirinioetako Monte Perdidon, Petretxeman edo Hiru Erregeen Mahaian  ere harro erakutsi dute, banaka, binaka, familian edo lagun taldean joandako mendizaleek. Seguru hemendik aitzinera ere hainbat kaskotan edo ibilbidetan agertuko dela Oinez Gailurraren ikurra.

 

Gailurrak eta ibilbideak babesteko hamar urrats

Gailurra zein eskalada-bidea babesteko egin beharreko 10 urratsak:

1. Euskararekin bat egin eta Tantirumairu Ikastolari nire laguntza eskaini nahi diot.
2. Babestu gailurra.
3. Aukeratu gailurra edota eskalada-bidea.
4. Aukeratu igoera egiteko eguna.
5. Aukeratu babes mota eta egin ordainketa www.nafarroaoinez.eus webgunearen bitartez.
6. Zure etxean Oinez Gailurra zapia jasoko duzu.
7. Igoera egin aukeratutako egunean.
8. Gailurrean argazkia atera edo bideoa egin zapia erakutsiz.
9. Igorri posta elektronikoz argazkia: argazkiak@oinezgailurra.eus
10. Eskerrik asko proiektu honetan parte hartzeagatik!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun