Kirola protagonista izanen da Berako besten aitzineko asteburuan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko uzt. 27a, 07:29

Abuztuaren 1ean eginen den Berako IV. Gau Kroserako izena eman daiteke dagoeneko.

ADEMGI elkartearen aldeko 3x3 saskibaloi txapelketa larunbatean eta igandean, Berako XIV. Txirrindularitza saria igandean eta IV. Gau Krosa, berriz, datorren asteartean

Berako besten aitzineko asteburuan kirolak hartuko du protagonismoa. Izan erem saskibaloia, plater triraketa, pilota, txirrindularitza eta herri kirolak izanen dira larunbat eta igandean eta heldu den asteartean, berriz, abuztuaren 1ean, Berako Gau Krosaren laugarren edizioa.

 

Hasteko, uztailaren 29an eta 30ean, larunbat eta igande arratsaldeko 4etan hasita, ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anitzaren Elkartearen aldeko 3x3 saskibaloi txapelketa jokatuko dute kiroldegi aitzinean, Toki Ona Bortziriak saskibaloi taldeak antolatuta. Larunbatean kuadrillen arteko txapelketa izanen da eta igandeanelite mailakoa. Bietan, izen ematea 15:00etatik aitzinera egin daiteke. Euria eginen balu kiroldegian jokatuko lirateke txapelketak. Taldeak, guttienez 16 urte dituzten 3-4 lagunez osatuak egon beharko dute.

Larunbatean 16:30ean plater tiroa minifoso modalitatean antolatu du Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak.

Igande goizeko 10etan herriko pilotarien arteko pilota partidak jokatuko dituzte Eztegara pilotalekuan, Gure Txokoa elkarteak antolatua.

11:00etan Berako XIV. Saria txirrindularitza proba antolatu du Gure Txokoak. Kadete  mailako txirrindulariek 44 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, boluntarioak behar dituzte, bai bidegurutzetan, bai motoetan laguntzeko. Animatzen denak, idatz dezala email bat guretxokoaelkartea@gmail.com helbidera edo idatzi mezu bat 626309438 zenbakira. Egunean bertan 10:15 aldera Iamotenean egon beharko dute boluntarioek.

Igande arratsaldeko 7etan, herri kirol jaialdia izanen da kiroldegi aitzinean (euria eginen balu, Eztegara pilotalekuan). Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatutako Herriz Herri txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dute Basaburua, Berriozar, Artzanegi eta Menditarrak taldeek.

 

IV. Berako Gau Krosa

Abuztuaren 1ean, asteartean 22:15ean, Berako IV. Gau Krosa antolatu du Manttalek. 7,3 kilometro luze eta 300 metroko desnibel positiboa duen proba izanen da. Izen ematea Manttaleren webgunean (www.manttale.com) egin daiteke. Federatuek 7 euro ordaindu beharko dute izen ematea eta federatu gabekoek 10 euro. Egunean bertan 13 euro. Parte hartzeko nahitaez kopeta-argia eraman behar da.  Bi kategoria egonen dira (gizonezkoena eta emakumezkoena) eta gainera koadrilekako sailkapenean sari ezberdinak emango dire. Hala nola Berako bi lehenengo koadrilei saria emango zaie eta parte hartzaile gehien biltzen dituen koadrilari ere saria emanen zaio.

 

Bazkarirako txartelak

Bertze aldetik, Berako bestetan abuztuaren 6an, igandean 14:00etan Herriko Etxeko plazan (euria eginez gero Altzateko pilotalekuan) eginen den herri-bazkarirako txartelak salgai daude Errekalde eta Xuga ostatuetan, 16 euroren truke. Abuztuaren 1era arte egonen dira salgai eta ohartarazi dutenez, ez da azken momentura arte utzi behar, epez kanpo ez baita sarrerarik salduko.

Bazkarian honako menu hau izanen dute: paella, ajoarrieroa, izozkia, kafea, edaria eta kopa. Platera, edalontzia eta mahai tresneria berabilgarriak izanen dira, “Hondakin onena, sortzen ez dena” kanpainarekin bat eginez. Hortaz, ez da onartuko kanpotik ekarritako erabilera bakarreko plastikozko materiala (edalontziak, platerak, etab…).

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun