Hain zuzen ere, etxeko gaztetxoenentzako izanen den emanaldiarekin abiatuko da Oinez Txokoa. Eguerdian txupinazoa Pirritx, Porrotx eta Marimototx pailazoek botako baitute Oinez Txokoan, eta ondoren emanaldia eskainiko dute. Ondotik, Terry Tery y Alai Guateque Dj's-k paratuko dute musika.
Uztailaren 7tik aitzinera, ordea, arratsaldeko seiretan hasiko da programazioa gaueko ordu txikiak arte. Musika kontzertuak izanen dira gailenduko diren ekimenak (Eraso, Liher, Oihan Vega, Samba Dzanga, Etxe, Mun, Sofa, Saltokia, Pitxi eta Olaia, Benation, Patxuko nice, Dj Loro, The Ice Company, Gorka Suaia, Bolbora, Ziribulio Soun System, Begiz begi, Zezenaren taldea, Kalera, Reader), baina ipuin kontalariak, bakarrizketak, pailazoak, dantzaldiak, dantza saioak eta bertsolariak ere izanen dira. Adin ororentzat egoki den programazioa, beraz.
Horregatik, Lesakako Tantirumairu Ikastolak parte hartuko duten talde guztien ahalegina eskertu nahi du. Denak dira inportanteak eta ezinbestekoak. Izan ere, urriaren 15ean Lesakan Nafarroa Oinez egin aitzinetik laguntza jasotzen segitzeko aparteko laguntza da Oinez Txokoa.
Lesakako Tantirumairu ikastolak bertze eraikin baten premia baitu, lekua bera txiki geratu baita ikasle kopurua bikoiztu delako eta arautegi berria dela medio; eta bertze eraikin osagarria egin behar du Tantirumairu Ikastolak egungoaren alboan orain arteko jardunari eutsi ahal izateko. Horretara bideratuko da, beraz, Oinez Txokoan jasotako laguntza.