Miguel Mari Irigoienek, Etxalarko alkateak, azaldu zuenez finantziazioa lortzea funtsezkoa izan da proiektua gauzatu ahal izateko: «30.000 euroko aurrekontu bat beharko genuela uste izan genuen hasieran, baina dagoeneko gainditu da kopuru hori». Horregatik, diru-laguntzak lortzeko saiakera bereziak egin dira: «Nafarroa, Euskadi, Akitania Euroeskualdeak aurkeztu genien proiektua onartu du eta datorren asteazkenean sinatuko dugu protokoloa». Horrekin batera, Altxata Elkarteak emandako laguntza ere azpimarratu zuen: «pastoralaren egunean banatuko den liburuxka osatzeko eta soinu-ekipoak ordaintzeko diru-laguntza eskaria egin diote Nafarroako gobernuari». Horretaz gain, proiektua laguntzeko bertze hainbat eskaera ere aurkeztu dituzte Nafarroako Gobernuan.
Pantxika Urrutyk, pastoralaren zuzendariak, eboluzioa bistakoa dela azpimarratu zuen: «urrats handiak egin dira. Herri honetan, pastolaraz gauza guti zenekiten eta gaur egun uste dut herrian pastoral hitza sartu dela». Elkarlanaren garrantziaz solastu zuen «pastoralak badu bertze funtzio bat herritarren elkartzea eta elkarlan baten egitea. Lan kolektibo erraldoia ari da sortzen». Ekainaren 25ean egin zuten lehenbiziko mustraka edo entsegu orokorra eta «biziki ongi pasatu da. Hor sentitu dugu jadanik egiazko pastorala ari zela muntatzen herri honetan». Obra hau antzezteak galderak ere sorrarazi dituela uste du Pantxikak «ea Karmen Etxalarkoaren istorioa egia denez. Ene kargua izanen da Karmen berriz Etxalarrera eramatea».
Prosper Merimée-ren Carmen nobela ezagunean oinarritu da Gerardo Mungia pastorala idazteko, «obra irakurri nuelarik Karmen nobela, berehala gauza bat deigarria egin zitzaidan. Karmen euskalduna zela, Jose bere amorantea euskalduna zela eta haien arteko amodioa sortzen dela euskaratik eta euskaran: euskara izan baitzen haien arteko ezagutza bidea». Pastorala idatzi ondotik, proposamena egin zien etxalartarrei, «eta abentura eder honi eman genion hasiera». Irailaren 16 eta 17an taularatuko dute pastorala eta horren aitzakian bi egunez besta giroa izanen da herrian: «jatekoa eskainiko dugu, edariak, bertako produktuen azoka... besta handi bat izanen da».
Pastoralaren berri emateko karmenetxalarkoapastorala.eus web orria ere sortu dute eta sare sozialetan ere informazioa partekatzen ari dira. Jone Bizente, Aimar Iparragirre eta Jabier Iriartek azaldu zituzten xehetasunak eta hemendik aurrerako informazioa bertan zintzilikatzen joanen direla ere aipatu zuten: «web orrian pastoralaren inguruko informazio zabala aurkituko dute bisitariek: parte-hartzaileak, sarreren salmenta, argazkiak... Sare sozialak berriz, unean uneko berriak zabaltzeko erabiliko ditugu».