Ortzegun honetan, Iruñeko denda 18:00etatik 20:00etara egonen da irekia. Egun horretan erosten duten guztiei %10ko deskontuko bono-txartel bat emanen zaio, hilabete batean dendan gastatzeko.
Udarekin batera, Tantirumairu ikastolak Lesakan antolatuko duen Nafarroa Oinez eguna ere (urriaren 15a) gero eta hurbilago dago. Ospakizun hau antolatzeko hainbat lan-talde lanean ari dira, 13 batzordetan banatuak eta orain, udarako eta Iruñea nahiz Lesakako Sanferminetarako arropa berria aurkeztuko dute. Aitor Iratzoki, Nafarroa Oinezeko zuzendariak aipatu duenez, «urtebete pasatxo daramagu buru belarri auzolanean eta urriak 15a ere hurbiltzen ari zaigu. Urte lanpetua baina zirraragarria bizitzen ari gara. Tartean hainbat ekitaldi burutu ditugu eta ortzegunean, mimo handiz diseinaturiko udarako arropa berria eta sanferminetarako sorturikoa aurkeztuko dugu. Xuri-gorriz jantziko zaizkigu uztail hasieran Iruñea nahiz Lesaka eta alaitasunez ospatuko ditugu bestak. Euskal Herriko jende anitz hurbiltzen da gurera eta mundu mailakoa hiriburura. Zer hoberik Nafarroa Oinezeko kamisetak jantziz bestaratzen direnei ikastolak ezagutzera ematea baino? Euskaraz biziko ditugu sanferminak».