125 musikari baino gehiago aritu ziren musika jotzen, ordubeteko emanaldian, denak musika eskolako ikasleak (tartean Lagun Haundiak adinekoen abesbatzakoak ere), eta musika eskolako ikasleetako batzuek ere egin zuten aktore lana (Oier Larretxea izan zen Isidoro Fagoaga). 500 ikus-entzule baino gehiago bildu ziren, Herriko Etxeko plaza betez.
Errepertorio zabala eta anitza jo zuten, eta Isidoro Fagoagak bidaiatutako herrialdeetako musikak hautatu zituzten (Euskal Herrikoa, Argentinakoa, Italiakoa, Espainiakoa...). Musika eskolako ikasleek egindako antzezlanaren eta dantzaren bidez, Wagnerri buruz zerbait gehiago ikasteko aukera izan zuten ikusentzuleek, eta musikaren bidez Argentinara (tangoa), Italiara (tarantela), Madrilera (chotis-a) bidaiatzeko, Gernikako bonbardaketarekin eta Gurs-eko kontzentrazio esparruan sufritzeko… Une berezi eta hunkigarriak izan zituen emanaldiak.
Ekitaldia ixteko, Isidoro Fagoagaren omenez okasiorako propio sortutako kantua eskaini zuten, eskolako musikari guztiek elkarrekin jo eta kantatu zutena. Kantuak Julen Zelaieta bertsolari beratarraren hitzak ditu, Marijo Bergara musika eskolako zuzendariak konposatu du, eta Manolo Lanz beratarrak (Berako abesbatzako kidea da) interpretatu zuen, Isidororen paperean.
Kontzertuak udazkenean
Udaberrian egindako ekitaldiak bukatuta, Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.
Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.