Liburu berria aurkeztu du Fernando Mikelarenak ekainaren 8an Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 9a, 11:51

Fernando Mikelarena liburuaren egilea eta Aitor Elexpuru kultur zinegotzia Beralandetako agerraldian.

Bidasoaldean 1936an izandako heriotz ilunak ikertu eta paperera ekarri ditu historialariak 

Fernando Mikelarena historialari beratarrak liburu berria idatzi du, Pamiela argitaletxearen eskutik: Muer­tes oscuras: Contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el País del Bidasoa. 1936. Iruñean egindako aurkezpenaren ondotik, ekainaren 8an, ortzegun arratsaldean egin zuen aurkezpena jendez gainezka ageri zen Beralandetan. Aitor Elexpuru, Berako udaleko kultur zinegotzia izan zuen lagun agerraldian.

 

Izenburuan ageri den bezala, Espainiako Gerraren testuinguruan Bidasoaldean izandako heriotz ilunak ikertu eta paperera ekarri ditu, «garai hartako epaiketetan erran ziren gezurren gainetik lan eginez».

1936ko uztailetik aitzinera Bidasoaldean arrazoi politikoengatik izan ziren erailketak eta errepresioa aztertzen du Muertes oscuras liburuak. Zonaldeak, batez ere kalista zena, interes haundirik gabe hartu zuten estatu kolpea, berehalako hartan boluntario guti paratu baitzituen. Hilketa politikoak batez ere ezkertiar bakan batzuetan izan ziren baita EAJn ere.

Erailtze hauen aunitzen izaera ezkutua eta iluna eredu izateko egiten zen, baina gisa berean eskualdea ekosistema sozial berezia zelako, zonaldean kontrabandisten presentzia tradizionalagatik; hauek arlo ezberdinetan jokatzen zuten: arma, dokumentuak eta billete zigilatuak pasatzen zituzten eta aldi berean zonaldeko mendietatik ihesbide sare berriak sortu zituzten.

Liburuak Gazteluko hilketa ere ikertzen du, non emakume bat eta bere sei seme-alabak erail zituzten eta leize batera bota. Datu berriak gehitzen ditu gertaera gordin hau izaera ideologiko arrazoiengatik izan zela pentsatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun