Larunbat arratsaldean I. Ardi zakur lehiaketa egin zen. 5 artzaiek parte hartu zuten beren zakurrekin: Intx, Garbi zakurrarekin; Axulak, Ttiki zakurrarekin; Landaburuko borda, Xarpar zakurrarekin, Kortariko borda, Xarpa zakurrarekin eta Agerreko borda, Kea zakurrarekin. Proba ezberdinak egin behar zituzten. Lehenengo epaileak agindutako banderaren ondora zakurra eraman eta han etzanarazi, ondotik artaldea zakurraren laguntzaz artzaiaren ondora ekarri eta segidan artaldea hasi artetik pasa. Lan hauek egiteko 7 minutuko tartea izan zuten. Behin hau gauzatuta, erdiko hesi borobilean sartu behar zituzten ardiak. Lan hau egiteko 10 minutu izan zituzten.
Aipatu behar da denak ere etxean ardiekin lanean aritzen diren zakurrak direla, ez horrelako lehiaketetarako prestatutako zakurrak, eta lan polita egin zutela denek ere. Ttiki eta Peio zakurrek ardiak hesi borobilean sartzea lortu zuten. Irabazlea azkenean Kortariko bordako Julen izan zen lan guztiak primeran egin baitzituen Peiok.
Guztieri zakurrarentzat pientsoa eman zitzaien eta baita Ximitxuk egindako makil bana ere. Irabazleak txapela eta ohorezko makila irabazi zituen. Epaimahai lanetan Olako, Lekueder eta Garmendiko bordako artzaina aritu ziren. Txapelketa hau egiten zen lehen aldia izanik, nahiz eta eguraldi kaxkarra izan, jende aunitz hurbildu zen Errota ondoko belagira.
Hau bukatuta frontoian herriko dantzarien saioa izan zen.
Gasna lehiaketako saridunak
Igandean berriz, goizetik artisauak egon ziren frontoian erakusketa eta salmenta eginez. Eguerdian berriz, XXV. gasna lehiaketa egin zen. 15 gasna aurkeztu ziren aurten, horietatik 8 Etxalarkoak eta gainerakoak Elizondo, Arizkun, Bera, Oix, Orabidea eta Urdazubikoak. Epaimahai lanetan Ana Lazkanotegi, Eider Pikabea, Periko Berrueta, Batista Telletxea eta Patxiku Irisarri aritu ziren. Honela geratu zen sailkapena:
1. Julen Arburua (Kortariko Borda -Orabidea) Trofeoa eta 120 euro
2. Pello Pegneguy (Salaberriko borda- Orabidea) Trofeoa eta 90 euro
3. Karlos Mindegia (Kokoetxea -Oiz) Lore sorta eta 75 euro
Etxalarkoen artean berriz, honela geratu zen sailkapena:
1. Joxe Mari Pikabea (Mendiondoko borda) Trofeoa eta 50 euro
2. Juana Mari Arburua (Behekozubi) Lore sorta eta 30 euro
Lehiaketara aurkeztu ziren gasnen erdiak epainahaiak probatzeko eta bazkarian postrean jateko erabili ziren. Bertze erdiak berriz zozketatu egin ziren eta oraindik 6 gasna erdien jabeak ez dira agertu. Norbaitek zenbaki hauetakoren bat badu, jar dadila harremaneta altxatako norbaitekin (altxata@gmail.com / 697397567 )
Agertu ez diren zenbakiak: 4136, 8282, 8399, 8007, 8334, 8111
Euriari aurre eginez, eguerdi aitzinetik herriko trikitilariek ere beren saioa eskaini zuten. 14:30ak aldean berriz bazkarai egin zen Bankako menditarrek alaituta eta jendeak gustora luzatu zuen bazkalondoa kantuan eta dantzan.
Egun guzian, Eskola zaharretan eskulan ikastaroan egindako eskulan erakusketa egon zen eta goizez Iriondoa baserriko tresna zaharren erakusketa. Asteburuan eguraldi tristea izan bada ere jende aunitz ibili da herrian bi egunetan.