Isidoro Fagoaga gehiago ezagutzeko ginkana egin dute Berako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 31a, 11:39

Ginkanan parte hartu duten ikasleetako batzuk, Isidoro Fagoaga udal musika eskolaren atarian.

Herriko zazpi lekutan probak izan dituzte maiatzaren 30ean, astearte arratsaldean

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean Beran egiten ari diren jardueren baitan, maiatzaren 30ean, astearte arratsaldez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat egin dute herriko karriketan barna. Ez da hau izanen ikastetxeekin landu den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte.

Astearteko ginkanari dagokienez, ikasleek beraiei ariketak eta probak egiteko zazpi eremu izan zituzten: Musika Eskola, Kultur Etxea, Ikastola, Garrenea, Agramontea, Itzea eta Iamotenea. Neska-mutikoek ederki pasatu dute eta bidenabarkoan, Isidoro Fagoagaren bizitza eta obra hobe ezagutu dute. 

Isidoro Fagoagaren Lagunak elkarteak antolatutako udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

Kontzertuak udazkenean

Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak. 

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun