Mahai inguruan Isidororen ibilbide profesionalaz baino bere izateko moduaz, bere harremanez, Berako herriarekin mantendu zuen loturaz, bere gogoetez... aritu ziren. Teresa Fagoagak eta Carlos Fagoagak zuzenean ezagutu zutenez, euren bizipenak kontatu zituzten. Carlosek kontatu zuen nola ezagutu zuen Isidoro, bere aitaren bidez, Donostian. Eta tenore izateko asmotan zebilela, aholku bila joan zitzaiola, baina profesionalki horretara dedikatzeko adina ez zuela izango. Kantuan eman du urte anitz, baina ez profesional moduan. Teresak etxeko oroitzapenak ekarri zituen gogora, Leonorrek etxeko transmisioa, eta Germanek bere ibilerak, bere kezkak, harremanak, informazioa nola gordetzen zuen, erbestean euskal herritarrekin izan zuen harremanaz...
Isidoro Fagoagaren lagunak taldeak antolatu du ekitaldia, Berako Udalaren eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin.
Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte.
Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.
Kontzertuak udazkenean
Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.
Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.