Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

‘Fabrika eta harremanak’ izenburupean ekitaldiz betetako asteburua antolatu du Nafarroa Oinezek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 24a, 07:37

Bidasoko erraldoiak Harriondoatik abiatuko dira igandean, duela bi urteko topaketan bezalaxe.

Larunbatean Biurrana erreka garbituko dute eta igandean Erraldoien Topaketa eta Erronka Ttikia

Ekainaren 4ra arte zabalik dagoen Artea Oinez erakusketaz gain, maiatzeko azken aste hondarrerako ere ekitaldi bereziak antolatuak ditu Nafarroa Oinezek, Fabrika eta harremanak izenburupean. 

 

Maiatzaren 27an, larunbat goizeko 10etatik 13:00etara, Inguruarekin harremanak landuko dituzte eta Biurrana errekan garbitze lana eginen dute, Nafarroa Oinezeko Ingurumen Batzordearen bidez eta Irekibai-ren laguntzarekin. 10:00etan Nafarroa Oinezeko dendan elkartuko dira, bertan materiala banatuko dute eta azalpenak emanen dituzte, 10:30ean erreka garbitzeko. Parte hartzaileentzat hamaiketakoa ere izanen da. Antolatzaileek materiala eskuragai jarriko dute, baina errekara sartzeko arropa egokia eramateko ohartarazi dute. Adin mugarik ez da jarduera honetarako, baina haurrak gurasoen ardurapean egonen dira. Aldez aurretik izena emateko, ikastolako bulegoan edo koordinazioa@oinez2017.ikastola.eus helbide elektronikoan, maiatzaren 24a baino lehen.

Maiatzaren 28an, Haurren harremanak landuko dituzte Arratzubi karrikan. Igande goizeko 10etatik aitzinera Erraldoien Topaketa eginen dute. Harriondoatik abiatu eta Arratzubi karrikan bukatuz, Bera, Elizondo, Etxalar, Igantzi, Sunbilla eta Lesakako erraldoiek parte hartuko dute. 11:30etik aitzinera Erronka Ttikia eginen dute Arratzubin, Lehen Hezkuntzako haurren arteko taldekako jokoa.

Bi egunetan, Fabrika eta harremanak erakusketa ikusgai izanen da Bihotzkada elkartearen Taupadak lokalean. Bertzeren artean, Artea Oinezeko batzordeak ikastolako ikasleekin lana eta harremanekiko aitatxi-amatxi zein gurasoen bizipenen inguruan sortutako bideo lana ikusgai izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun