Isidoro hurbiletik mahai-ingurua eginen dute maiatzaren 26an Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 24a, 07:30

Hedoi Etxarte, Wagnerri buruz Beralandetan emandako solasaldian.

‘Isidoro Fagoaga, bada tenorea!’ jardueren baitan, ortziralean 19:00etan Gure Txokoan

‘Isidoro Fagoaga, bada tenorea!’ jardueren baitan, Wagner musikariari buruzko solasaldia eskaini zuen Hedoi Etxartek (argazkian). Maiatzaren 26an, berriz, “Isidoro hurbiletik” mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek, ortziralean 19:00etan Gure Txokoa elkartean. Isidoro Fagoagaren lagunak taldeak antolatu du ekitaldia, Berako Udalareen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin.

 

Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina. 

Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

 

Kontzertuak udazkenean

Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun