Paulo Yanciren bertsoak aditeko aukera izan zen neska gazte musikari talde baten ahotik. Lesakara fabrikara ekartzeak mundu zahar eta berriago baten arteko talka, eta talka horretatik eratorritako gatazka adierazten zuten bertsoak.
Ikastolaren historiaren zertzelada batzuk eta aurtengo Nafarroa Oinez-aren helburuen berri eman zuen Amaia Lasheras, Tantirumairu ikastolako presidenteak: «Lesakako ikastola 7 ikaslerekin sortu zen 1974an, egun ordea 100 baino gehiago ditu eta eraikinak ez du behar adina lekurik». Hortaz, 2017ko Nafarroa Oinez Tantirumairu Ikastolako zenbait premia asetzeko baliagarria izanen da: «Otxogorrieneako eraikinak ez duenez zabalkuntzarik onartzen, irtenbiderik egokiena, bere ondoan eraikuntza berri bat egitea da.Egoitza berri horrek lehenbiziko solairuan Haur Hezkuntzako etapa osoa hartuko luke eta jangela eta psikomotrizitate gela beheitiko solairuan. Bertzalde, eraikin zaharrean egokitzapen guti batzuk eginda, nahiko leku geldituko da Lehen Hezkuntzako premia guztiak asetzeko».
Lesakako Udalari erakusketarako aretoa uzteagatik eskerrak eman ondotik, aurtengo Nafarroa Oinezeko leloarekin eta artearekin hitz-jokoa egin zuen Mikel Asiain, Nafarroako Ikastolen Elkarteko presidenteak: «Picasso eta Gernika. Ziga eta erromantizismoa. Zuria eta beltza. Burdina eta Bortziriak. Zumeta eta haurtzaroa. Gorputza eta arima. Bikin batin. Ingude eta mailua. Lohia eta soka. Olio eta espatula. Bizitasuna eta inpresionismoa. Kubismo eta Botero. Akuarela eta Pintzela. Lainoa eta expresionismoa. Hatza eta oihala. Bikin batin. Sinbolismoa eta ametsak. Iragana eta futurismoa. Memoria eta transmisioa. Harriondoa eta kultura. Tantirumairu eta artea. Bikin batin».
Jose Luis Zumetari omenaldia
Lesakako Tantirumairu Ikastolaren Artea Oinez 2017-k artista kuttun aukeratu du Zumeta. Aitortza honekin ikastolekin eta Artea Oinez-ekin izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dio Nafarroa Oinezek, «eta gure altxorrik handienarekin, euskararekin, erakutsi duen prestutatasuna eskertu nahi dio», Lesakako Tantirumairu Ikastolako zuzendari den Aitor Iratzokiren hitzetan. Horregatik eskaintzen dio erakusketak lekurik Horrexegatik eskaintzen dio erakusketak lekurik nabarmenena. Kultura artistiko unibertsalari egindako ekarpena aitortzeko omenaldia ere bada, beti umiltasunez aritu delako Zumeta, benekotasunez, eta askatasun artistiko batean. Tantirumairu ikastolako ikasleek ere Zumetaren ibilbidea ikasteaz gain, bere teknikak eta artea sortzeko moduak ere ikasten ari dira ikasturte osoan, tailer ezberdinetan.
Tantirumairu ikastolaren Nafarroa Oinezeko kultura ekimen guztiak memoriaren eta sormenaren artean egiten dute dantza, eta erakusketa honen katalogoa ere halaxe osatu du ikastolak. Horretarako, burdina, industrializazioa, harremanak eta transmisioa izan dira ardatza, Lesakako historiari lotutako bi elementu baitira burdina eta industrializazioa, eta Tantirumairu ikastolari lotutakoak dira harremanak eta transmisioa. Horretarako, sei haiku idatzi dituzte, eta horien bidez katalogoan barneratu nahi izan dituzte aipatutako ardatzak.
Irekiera ekitaldia bukatzeko, Martxel Rodriguez dantzariak, Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak eta Max sarietarako hautagaiak dantza emanaldi berezia eskaini zuen, arte sormenaren prozesua adieraziz. Ondotik, Kultur Etxean jarri diren 34 bat artisten 35 artelan ikusteko eta Nafarroa Oinezeko ostalaritza batzordeak prestatutako pintxo dotoreak dastatzeko aukera izan zen.
Erakusketa ekainaren 4ra bitarte zabalik egonen da Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, ordutegi honekin. Astelehenetik ortziralera 17:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandetan, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.