Hala ere, izen bat gailenduko da guztien artean: Jose Luis Zumeta artistarena. Izan ere, Lesakako Tantirumairu ikastolak artista omentzea erabaki du aurtengo Artea Oinez-en. Zumetak (Usurbil-Gipuzkoa, 1939) izenbururik gabeko bi margolan utzi ditu horregatik erakusketarako, paper gaineko tenpera bat eta mihise gaineko olio-pintura. Aipatzekoa ere bada erakusketaren aniztasuna eta aberasgarritasuna, sortzaileen ugaritasunaren isla. Ondorioz, oleoa, argazkiak, instalazioak, grabatuak, eskulturak eta bertze hainbertze teknika ikus litezke erakusketan.
Pasa den hilabetean Iruñeko Kondestablearen Jauregian izan da ikusgai erakusketa, arrakastaz, gainera. Ortziralean, berriz, Lesakako Harriondoa kultur etxera iritsiko da, eta inaugurazio ekitaldi berezia eginen da. Estitxu Fernandezek aurkeztuko duen saioan Amaia Lasheras Tantirumairu ikastolako presidenteak, Mikel Asiain Nafarroako Ikastolen Elkareko lehendakariak, eta Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak eta erakusketako komisarioak hartuko dute hitza. Martxel Rodriguez Max sarietarako bakarlari gisa hautagai den herriko dantzariak ere erakustaldia eskainiko du. Eguraldiak laguntzen badu, ekitaldia kultur etxearen eta alboan duen konbentuaren atarian egingo da.
Jose Luis Zumetari omenaldia
Lesakako Tantirumairu Ikastolaren Artea Oinez 2017-k artista kuttun aukeratu du Zumeta. Aitortza honekin ikastolekin eta Artea Oinez-ekin izan duen eskuzabaltasuna eskertu nahi dio Nafarroa Oinezek, “eta gure altxorrik handienarekin, euskararekin, erakusi duen prestutatasuna eskertu nahi dio”, Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketako komisario den Josu Reparazen hitzetan. Horregatik eskaintzen dio erakusketak lekurik nabarmenena. Tantirumairu ikastolako ikasleek Zumetaren ibilbidea ikasteaz gain, bere teknikak eta artea sortzeko moduak ere ikasten ari dira ikasturte osoan, tailer ezberdinetan.
Katalogoa, memoria eta sormenaren emaitza
Tantirumairu ikastolaren Nafarroa Oinezeko kultura ekimen guztiak memoriaren eta sormenaren artean egiten dute dantza, eta erakusketa honen katalogoa ere halaxe osatu duikastolak. Horretarako, burdina, industrializazioa, harremanak eta transmisioa izan dira ardatza, Lesakako historiari lotutako bi elementu baitira burdina eta industrializazioa, eta Tantirumairu ikastolari lotutakoak dira harremanak eta transmisioa. Horretarako, sei haiku idatzi dituzte, eta horien bidez katalogoan barneratu nahi izan dituzte aipatutako ardatzak.
Azala, bertzalde, omendutako Zumetari eskaini zaio erakusketako artelanetako batekin. Urriaren 15ean Nafarroa Oinez ospatu aitzinetik, urte osorako kultura programazioa prestatu du Lesakako Tantirumairu ikastolak, eta hitzordu nagusietako bat da Artea Oinez erakusketa. 90ko hamarkadan egin zen lehen erakusketa, eta orain 17 urte errotu eta egungo moldean hasi zen antolatzen. Urtero-urtero jasotzen du artisten berotasuna, eta aurten ere ez da guttiago izan.
Iruñetik Lesakara
Apirilaren 7an zabaldu zen erakusketa Iruñeko Kondestablearen Jauregian ekitaldi bereziarekin. Berte hainbertze eginen da ortziralean, maiatzaren 19an, Lesakako Harriondoa kultur etxean, 18:00etan, Nafarroa Oinez 2017 egingo den udalerrian. Erakusketa ekainaren 4a bitarte izanen da zabalik, honako ordutegi honekin: Astelehenetik ortziralera 17:00etatik 20:00etara. Larunbat eta igandetan 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.