Hedoi Etxarte idazlea
Hedoi Etxarte (Iruñea; 1986) idazle eta poeta da, hainbat hedabidetan (Berria, Argia, Euskadi Irratia…) kolaboratzailea gisa aritzen da. Biolin eta itzulpengintzako ikasketak eginak ditu, eta gaur egun, Iruñeko Katakrak gunean ari da lanean.
Bi poema-liburu argitaratu ditu (Suzko lilia, 2008an; eta Sinplistak, 2012an), nobela grafiko bat (Ihes ederra, Alain Urrutiarekin elkarlanean) eta saiakera liburu bat (Wagner auziaz, 2014). Azken liburu honen aitzakian ariko da Berako hitzaldian. Robert Wangermee, Catherine Clement, Slavoj Zizek eta Alain Badiou pentsalariek Wagnerren inguruan idatzitzako testuen bilduma egin zuen Etxartek, eta horiek euskaratu, “Iraultza artistiko-politiko baten kasua” hitzaurrearekin batera. Isidoro Fagoagak gehien interpretatu zuen musikaria izan zen Wagner, eta honen ekarpen eta lanera hurbilduko gaitu Etxartek.
Erakusketa
Gogoratu behar da Isidoro Fagoagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalik dela Kultur Etxean igandera bitarte (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era).
Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak…
Aitzinera begira
Maiatzaren 26an, berriz, “Isidoro hurbiletik” mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek, ortziralean 19:00etan Gure Txokoa elkartean
Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina.
Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.
Kontzertuak udazkenean
Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak.
Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.