Isidoro Fagoagari omenaldia eskainiko zaio maiatzaren 6an Berako bere sortetxean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 4a, 10:23

German EreƱak Isidoro Fagoagari buruzko solasaldia eskaini zuen joan den ortziralean Beralandetan. 50 lagun hurbildu ziren.

Illekuetako Agramontean oroit-plaka paratuko du Berako Udalak eta emanaldia eskainiko dute Berako Abesbatzak, bandak eta Gure Txokoako dantzariek

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! izenburupean urte osorako zenbait ekitaldi prestatu dituzte Beran. Erakusketa zabalik dago Kultur Etxean maiatzaren 21era arte eta joan den ortziralean, idazle eta kantari beratarrari buruzko solasaldia eskaini zuen German Ereña adituak Beralandetan. Omenaldi nagusia, nolanahi ere, maiatzaren 6an eginen zaio, larunbatean 12:30ean Illekuetako Agramontean, bere sortetxean, Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik. Oroit-plaka bat ere paratuko du Berako Udalak etxe atarian.

 

Erakusketa

Apirilaren 21etik maiatzaren 21era Isidoro Fagoagaren ibilbidea biltzen duen erakusketa zabalik da Kultur Etxean (ortzegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 11:30etik 13:30era). Inaugurazio ekitaldia apirilaren 21ean, ortziralean egin zuten eta Karnaba otxoteak ere abestu zuen.

Isidoro Fagoagak hil aitzinetik kutxetan sartutako bere materialaren hainbat ale paratu dira erakusgai, gehien-gehienak lehenbiziko aldiz: argazkiak, kontzertuetako kartelak, gutun pertsonalak (Oteizarekin, Barandiaranekin, Martin Ugalderekin…), postalak, operetan erabilitako jantziak eta osagarriak, liburuak… 

 

Aitzinera begira

Maiatzaren 19an, ortziralean 19:00etan Beralandeta, Hedoi Etxartek Wagner izanen du solasgai, Fagoagak gehien kantatu zuen artista.

Maiatzaren 26an, berriz, “Isidoro hurbiletik” mahai-inguruan parte hartuko dute hura ezagutu zuten hainbat lagunek, ortziralean 19:00etan Gure Txokoa elkartean

Maiatzaren 30ean, asteartez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Isidoro Fagoaga ezagutzeko Ginkana bat eginen dute herriko karriketan barna, 15:00etan hasita. Ez da hau izanen ikastetxeekin landuko den gai bakarra, erakusketa bisitatzeaz gain, erakusketarako propio marrazkiak ere prestatu baitituzte. Horrez gain, herriko ikasleei banatzeko, Isidoro Fagoagaren bizitza laburbiltzen duen komikia argitaratuko da, Joseba Larratxe komikigileak egina.

Udaberriko azken ekitaldia ekainaren 9an eginen da. Artistaren izena daraman Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Herriko Etxeko plazan, gaueko 22:00etan, antzerki-musikatua eskainiko dute, Fagoagaren ibilbidea musikaren bidez laburbilduz.

 

Kontzertuak udazkenean

Udazkenerako hainbat kontzertu eta emanaldi prestatzen ari dira, musikaren bidez Isidoro Fagoaga gogora ekartzeko asmoarekin. Hala, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak Manuel Olano tenor errioxarrarekin kontzertua emanen du irailean; Errenteriako Andra Mari abesbatzaren kontzertua izanen da urrian, eta oraindik itxi gabeko bertze emanaldi batzuk aurreikusi ditu antolakuntzak. 

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun