Nafarroa Oinez 2017 Lesakan

224 kirolarik parte hartu dute Nafarroa Oinezeko Bikin Batin Duatloian Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 2a, 07:16

Bikoteetako bat erreleboa ematen Linddurrenborda sagardotegi inguruan.

20 kilometro mendi bizikletan eta 13 kilometro lasterka osatu dituzten lehen kirolariak Arantzako Asier Apezetxea eta Hernaniko Unai Santamaria izan dira, ordubete, 56 minutu eta 22 segundotan

2017ko Nafarroa Oinezeko urteko jardueren baitan, Bikin Batin Duatloia kirol proba berezia burutu da larunbatean Lesakan, Tantirumairu Ikastolak antolatutsa. Nafarroa Oinezeko leloari lotuta, kirolariek bi modalitatetan osatu dute proba. Lehenengo 20 kilometroko ibilbidea mendi bizikletan egin du bikote partaideetako batek (854 metroko desnibel positiboarekin), eta ondoren 13 kilometro lasterka (450 metroko desnibelarekin) osatu du bigarren bikotekideak. Denera 112 bikotek parte hartu dute, 224 kirolarik guztira.

 

Horien artean Arantzako Asier Apezetxea txirrindulariak eta Hernaniko Unai Santamaria lasterkariak lortu dute Lesakako Plaza Zaharrera lehen postuan ailegatzea. Ordubete, 56 minutu eta 22 segundo behar izan dituzte lana burutzeko. 20 segunduko aldea bertzerik ez diote atera bigarren sailkatuei, Berako Juan Carlos Garro eta Joseba Larralderi (1:56:42). Ibilbidea bi ordu baino guttiagotan egin duten bikote bakarrak izan dira. Podiumeko hirugarren koxkara Gipuzkoako bikote bat igo da, Amasako Eneko Gurrutxagak eta Adunako Liher Etxeberriak osatutakoa (2:00:11). Ibilbidea «gogorra eta teknikoa izan da, baina aldi berean zoragarria», kirolari anitzen erranetan.

Emakumezkoek bakarrik osatutako bikote bakarra atera da, eta beraiek lortu dute lehen saria. Iturengo Oihana Mindegiak eta Lesakako Kristine Txoperenak hiru ordu, 14 minutu eta 9 segundo behar izan ditute proba egiteko.

Bikote mistoen sailkapenari dagokionez, bizikletako zatia lehen postan bukatu duen Javier Sein iturendarra eta Marina Aznal elizondarra izan dira bizkorrenak (2:07:50), Astigarragako Iñigo Reoyo eta Lesakako Idoia Maritxalar bigarren (2:22:14) eta Lesakako Irati Otxoteko eta Berako Juan Ramon Pikabea hirugarren (2:30:00).

Bortzirietako kirolariek osatutako bikoteei dagokienez, Juan Carlos Garro eta Joseba Larralde beratarrek lortu dute lehen saria, sailkapen orokorrean seigarren izan diren Aitor Begino igantziarraren eta Xabier Etxegarai lesakarrak bigarrena (2:03:22) eta orokorrean zortzigarren izan diren Aitor Almandoz eta Mikel Urtxegi igantziarrek hirugarrena (2:05:52).

Ez zen dirurik sarirako, baina lehenbizikoek, Anas Alberro Tantirumairu ikastolako gurasoak egindako oroigarri bikainak jaso dituzte saritzat. Gainera, ibilbide osoan izan duten giro paregabea ere goraipatu dute, batez ere Linddurrenborda sagardotegiko errelebo eremuan eta plazan. Hain zuzen, goizeko 9etan plazan tobera doinuekin emandako txirrindularien irteera ikusi ondotik, anitz izan dira sagardotegiraino oinez hurbildu diren korrikalariak eta ikusleak.

Txirrindulariek Lesakako  Plaza Zaharretik, eta Frainera  goitu ondotik, Piedadeko gaina, Sastrin, Itsaszelaieta, Sastrin, Izotzaldea eta fabrikan barrena pasatu ondotik, Linddurrenborda sagardotegian erreleboa eman diote lasterkariari. Honek, Banarta, Alasta, tiro zelaia, Eskolamendi, Baldrun, Berrotarango erreka eta Mairuerregenekobordan barrena egin du lasterketa, plazara ailegatu baino lehen.

Sari banaketaren eta luntxaren ondotik, 420 lagunek, bai kirolariak baita Nafarroa Oinezeko laguntzaileak ere, parte hartu dute frontoian egindako herri bazkarian. Bazkalondoan sari ederrak zozketatu dituzte eta fanfarre batek alaitu du giroa.

 

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

  1. Asier Apezetxea (Arantza)-Unai Santamaria (Hernani), 1:56:22
  2. Juan Carlos Garro (Bera)-Joseba Larralde (Bera), 1:56:42
  3. Eneko Gurrutxaga (Amasa)-Liher Etxeberria (Aduna), 2:00:11
  4. Javi Rubio (Irun)-Julen Castrillon (Hondarribia), 2:02:21
  5. Ibai Ordax (Doneztebe)-Aitor Bertiz (Doneztebe), 2:02:59

 

Emakumezkoak

1. Oihana Mindegia (Ituren)-Kristine Txoperena (Lesaka), 3:14:09

 

Mistoa

  1. Javier Sein (Ituren)-Marina Aznal (Elizondo), 2:07:50
  2. Iñigo Reoyo (Astigarraga)-Idoia Maritxalar (Lesaka), 2:22:14
  3. Irati Otxoteko (Lesaka)-Juan Ramon Pikabea (Bera), 2:30:00
  4. Jesus Almandoz (Lesaka)-Argiñe Ordoki (Lesaka), 2:34:28
  5. Asier Valverde (Oiartzun)-Erkuden Almagro (Uharte), 2:37:22

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun